Mohamed Fadel Mojtarrek, Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariak, haur sahararrak udan hartzeko programaren testuingurua azaldu zuen egitasmoaren 38. edizioa aurkezteko joan den otsailean Donostian egin zuten aurkezpen ekitaldian, eta programa horrek errefuxiatuen osasunerako duen garrantziaren berri ere eman zuen. Horrez gain, sahararrak Marokoko erregimenak okupatutako lurraldean, errefuxiatuen kanpamentuetan eta diasporan sakabanatuta egotera behartzen dituen Mendebaldeko Saharako gatazka eta egoera ezagutarazteko ere balio duela adierazi zuen.
Errefuxiatutako sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen menpe daude. Munduko Medikuak erakundearen arabera, ohiko osasun-arazoez gain, hiru haur sahararretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egoki bat izateko behar duen dieta. Horrek Oporrak Bakean programa arnasgune bilakatzen du, bai parte hartzen duten adingabeentzat, bai haien familientzat (azken horiekin oso harreman estuak sortzen dira).
Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak Elkarteko kideak argitu du 30 bat elkarteren eta erakunde publiko ugariren artean kudeatzen dutela Oporrak Bakean programa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azaldu duenez, pandemia garaian bi urtez geldirik egon ondoren, oraindik ez da lortu aurreko urteetako kopuruetara iristea (153 parte-hartzaile 2022an eta 183, aldiz, 2023an). Uda honetan 300 umeri parte hartzeko aukera eskaini nahi diete, beraz familia kopuru bera beharko da, edo aterpetxeetan hartzeko baliabide nahikoak eskuratzea.
"Ez da erraza Oporrak Bakean ekimena aurrera eramatea, izan ere, Saharako, Aljeriako eta Espainiako gobernuek, autonomia erkidegoek eta foru eta udal erakundeek esku hartzen dute, gizarte zerbitzuetako eta lankidetzako sailen bitartez. Konplexutasunez betetako engranajea da, pertsona askoren bultzada eta borondate onik gabe bideratuko ez litzatekeena", azaldu zuen Etxebarriak.
Interesa duten familiak Oporrak Bakean ekimeneko kideekin jarri beharko dira harremanetan, oporrakbakean@gmail.com emailera idatziz edo telefonoz deituz: 665 711 947 (Araba), 658 751 359 (Bizkaia) eta 696 014 786 (Gipuzkoa). Informazio gehiagorako, elkartearen webgunea ere kontsulta daiteke.
- Apirilaren 15era arte egongo da zabalik uda honetan saharar haur baten harrera familia izateko izena emateko epea (HEMEN).