Apirilaren 21ean izango diren hauteskundeak deitzeko dekretua sinatu eta hura EAEko aldizkari ofizialean argitaratu ondoren, martxan da Eusko Legebiltzarrerako bozak prestatzeko makineria. Iragarri dutenez, apirilaren 5eko gauerdian hasi eta apirilaren 19an amaituko da kanpaina ofizialki.
Egutegi horren barruan, besteren artean, posta bidez botoa emateko datak ere ezarri dituzte. Aukera hori baliatu nahi duten herritarrek apirilaren 11ra arte (egun hori barne) eska dezakete hautesle erroldan inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria; gogorarazi dutenez, ziurtagiri hori "ezinbesteko baldintzetako bat" izango da boto eskubidea gauzatzeko. Botoa hauteskunde mahaira bidaltzeko epea, berriz, apirilaren 1ean zabaldu eta apirilaren 17an itxiko dute.