Gaur berrezarriko dute Mendaro eta Elgoibar arteko tren zerbitzua

Berriketan 2024ko mar. 6a, 10:14

Euskal Trenbide Sareak jakinarazi du gaur berrezarriko dutela bi udalerrien arteko tren zerbitzua. Etenda egon da otsailaren 28az geroztik, eta egunotako garraio zerbitzua autobusez eman dute.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak gaur berrezarriko du trenbide bakarreko tarte baten gainean ezponda bat irristatu ondoren otsailaren 28ko arratsaldetik moztuta egon den Elgoibar eta Mendaroko geltokien arteko tren zerbitzua.

Gogorarazi bezala, eguraldiak eragindako luiziak trenbidearen kaxa inbaditu zuen, eta Euskotrenen zerbitzu erregularraren zirkulazioa eragotzi du Bilbo-Donostia lineako tarte horretan. Trenbidea berriro irekitzeko, ezponda sendotzeko lanak egin behar izan dituzte egunotan, eta konponketa lan horiek "arrakastaz" amaitu dituztela jakinarazi dute.