Tren zerbitzua etenda dago Elgoibar eta Mendaro artean

Berriketan 2024ko mar. 1a, 11:57

Astearte (otsailak 27) arratsaldean Altzolan gertatutako lur jausi baten ondorioz dago etenda zerbitzua. Aurreikuspenen arabera, konponketa lanek hamar egun iraungo dute. Bi udalerrien arteko zerbitzua autobusez eskaintzen ari dira bien bitartean.

Asteleheneko (otsailak 26) eta astearteko (otsailak 27) euriteek lur jausiak eta putzuak eragin zituzten han-hemenka. Denboraleak, bereziki, errepideetan eta hainbat zerbitzu publikotan izan zuen eragina. Altzolako geltokiaren eta Altzolabe baserriaren arteko trenbide zatian, esaterako, lurra amildu zen menditik behera astearte arratsaldean, eta orduz geroztik etenda dago Elgoibar eta Mendaro arteko tren zirkulazioa. Euskotrenek zehaztu duenez, lur jausiak trenbideko kaxa bat inbaditu zuen eta, trenbide bakarreko tarte horretan, zerbitzu erregularraren zirkulazioa eragozten du.

Jakitera eman dutenez, kaltetutako guneko konponketa lanak hasita daude; iragarpenen arabera, beste zortzi egun beharko dituzte lanak amaitzeko. Tren zirkulazioa lehengoratu bitartean, autobusez ari dira bi udalerrien arteko zerbitzua eskaintzen. Bi udalerri horien arteko bidaia autobusez egin behar duten erabiltzaileek, gainera, honakoak eduki beharko dituzte kontuan:

  • Garraio premia berezia dutenek aldez aurretik deitu beharko dute 943 50 43 50 telefono zenbakira, bidaia prestatzeko.
  • Erabiltzaileei, bestalde, erabilgarri dauden baliabideen eta zirkulazioaren egoera kontuan hartzeko eskatu diete. Izan ere, helmugaratzeak 30 minutura arteko atzerapena ere izan dezakeela ohartarazi dute.
  • Konpainiako animaliei dagokienez, muturrekoa daramaten txakurrak baino ez daudela baimenduta gogorarazi dute.

Lur jausiak, bestalde, tren zerbitzuan ere izango du eragina. Trenek ohiko ordutegia izango dute Elgoibartik Bilbora, baina Mendarotik Zumaiara 20 minutuko atzerapena izango dutela esan dute. "Toletxegain (Elgoibar) eta Deba arteko larunbat gaueko zerbitzua ere kendu egingo da ".