Aurtengo urtarrilean, iazkoarekin alderatuta, 4 tona paper eta kartoi gehiago bildu dituzte gaika (iaz 234t eta aurten 238t), eta 9 tona ontzi arin gehiago (iaz 125t eta aurten 134t). Joera horri eutsiz gero, urtean 48 tona paper eta kartoi eta 108 tona ontzi arin gehiago jasoko dituztela aurreikusten du Mankomunitateak.
Gaikako bilketa areagotzeko helburuarekin, Debabarrena Mankomunitateak abenduan jarri zituen erabilgarri 456 edukiontzi hori eta urdin berri eskualdeko herrietan. "Edukiontzi berri hauek hondakinen sailkapena errazten diete herritarrei, izan ere, irisgarriagoak dira eta aho handiagoa dute, hondakinak bertara botatzea erraztuz. Gainera, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen da, eta irudi aldetik edukiontzi guneen uniformetasuna ahalbidetzen dute", nabarmendu dute.
Mankomunitateak herritarrei eskerrak eman dizkie gaikako bilketan emandako hobekuntzagatik eta "ildo horretan" jarraitzera gonbidatu ditu.
Karakterizazio erakustaldiak ikastetxeetan
Bestalde, Mankomunitateak bigarren hezkuntzako ikastetxeetan ekimen berri bat jarri du abian. Ikasleen artean hondakinen inguruko kontzientziazioa areagotzeko karakterizazioak egiten dihardu Debabarreneko hainbat ikastetxetan: Soraluze BHIn, La Salle Azitainen, Elgoibarko Ikastolan, Mendata BHIn, Goizeko Izarran, Mutriku BHIn, Elgoibar BHIn eta Ermuako San Pelayo ikastetxean.
Mankomunitateko teknikariek ikastetxe bakoitzetik hurbilen dagoen edukiontzi grisaren karakterizazioak egingo dituzte ikastetxeetako patioan, edukiontzi grisean botatzen diren hondakinak aztertzeko, "izan ere, datuek erakusten dutenez, normalean gaizki sailkatutako hondakinak agertzen dira". Karakterizazioa egin ondoren, gaizki birziklatutako hondakinek udalerrietako zaborren tasetan duten eragina aztertuko da, baita hondakin horiek behar bezala sailkatuz gero aurreztuko litzatekeena ere.
Azaldu dutenez, ekimenaren helburu nagusia da belaunaldi berriak hondakinen gaikako bilketaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, hondakinen sailkapen egokiarekin lotutako ingurumen, gizarte eta ekonomia onurei buruzko kontzientzia sortzeko. "Ekimen honen bidez ikasleak onura horien berri ematean, pentsamolde jasangarria sustatu nahi da txikitatik, belaunaldi berriak ahaldunduz, ingurumen-aztarna murrizteko aldaketa-eragile bihur daitezen".
Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du.