Azaroan, Debabarreneko Mankomunitateak iglu formako 456 edukiontzi hori eta urdin ordezkatu ditu eskualdean, estetikoki marroiaren eta grisaren antza duten eta irisgarriagoak diren beste batzuekin. Eta, Debako Udalak azaldu bezala, jadanik erabilgarri daude edukiontzi berri horiek; “aho handiagoko edukiontziak, hondakinak errazago uztea helburu dutenak. Ekimen honen nahia da herritarren erosotasuna hobetzea eta edukiontzi bakoitzean utzitako zaborraren bilketa arintzea. Gainera, edukiontzien uniformetasunak hondakinak biltzeko eremuen irudia hobetzen lagunduko du”.
Eskualdeko herri guztietan jarri ditu Mankomunitateak edukiontzi berriak eta, haiek eraberritzearekin batera, zerbitzua ere berritu dute. Prezero enpresak egingo du bilketa zerbitzu berria; zortzi urteko kontratua sinatu du, 8.153.675 euroko gehieneko aurrekontuarekin (bildutako edukiontzi kopuruaren arabera doituta). Kontratu horren baitan sartzen dira papera eta kartoia biltzea, bilgarri arinak, pilak eta edukiontziak garbitzea.
Egokitze lanak Deban eta Itziarren
Deban eta Itziarren egiten ari diren egokitzapen-lanen berri ere eman nahi izan du udalak. “Aurrerapen esanguratsuak” egin diren arren, oraindik lan batzuk osatzeke daudela adierazi du; horregatik, “herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan izan duten ulermen eta pazientziagatik”.
Ifar kaleko eremua da lan horien adibide bat. “Bertan ezin izan da obra erabat amaitu, olibondo bat dagoelako. Zuhaitz hori babesteko eta kalteak saihesteko, eremua bitan banatzea erabaki da, eta edukiontzietako batzuk beste aldean birkokatzea. Garrantzitsua da nabarmentzea epe laburrean bi espazioak atzealdetik lotuta egongo direla, edukiontzietarako irisgarritasuna bermatuz”, azaldu dute.
Altxatze-sistema berria abiatzearekin batera, datozen asteetan edukiontzi zaharrak kenduko dituzte egokitze-lanek eragindako eremuetatik. Horri esker, espazio guztiak “pixkanaka egokitu” ahal izango dira eta, bien bitartean, edukiontzi zaharrak ez erabiltzea eskatu du udalak.
“Herritarrei eskatzen diegu jarrai dezatela laguntzen eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzietan uzten. Debarako eta Itziarrerako ingurune garbiagoa eta iraunkorragoa eskaintzeko konpromisoa dugu, eta lan horiek ahalegin horren funtsezko zati dira”, azpimarratu dute. Informazio gehiagorako, Debako Udaleko Ingurumen Sailera jo daiteke, horretarako ohiko komunikazio-kanalak baliatuta.