Hauteskundeak deitzeko dekretua datorren otsailaren 27an argitaratuko da EAEko Aldizkari Ofizialean. Hauteskunde kanpaina apirilaren 5ean hasiko da, ofizialki.
Urkulluk jakinarazi zuen hiru irizpide hartu dituela kontuan data zehazterakoan: "Gobernu programa betetzea, hurrengo Eusko Jaurlaritzari eta lehendakariari ahalik eta legaturik onena uztea, eta euskal gizartearen interes orokorra defendatzea".
2012an kargua hartu zuenetik egindakoak ekarri zituen gogora lehendakariak. Hamabi urte izan direla azpimarratu zuen eta luze jardun zuen lorpenen eta bizitakoen inguruan errepasoa eginez. Modu berean, barkamena ere eskatu zuen egindako akatsengatik. Ondorio moduan azpimarratu zuen ohore bat dela "Euskadi aurreratuagoa eta justuagoa uztea" bere ostean etorriko direnei. Halaber, eskerrak eman zizkieen euskal gizarteari nahiz legebiltzarkideei.
Lehendakarigaiak
2023 amaieran hasi ziren plazaratzen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehen hautagaien izenak. Dagoeneko alderdiek zehaztu dituzte beraien lehendakarigaiak. Imanol Pradales izango da EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bildurena, Eneko Andueza PSE-EErena, Javier de Andres PPrena, Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-rena, eta Alba Garcia Sumar alderdiarena.