Debegesak jakinarazi bezala, zabalik da jadanik Make in! programaren 3. edizioan parte hartzeko epea. Start-up parte hartzaileak aukeratzeko prozesua martxoan egingo dute, eta apirilaren 12an ekingo diote programari. Prestakuntza-saioak apirilaren 12an, 19an, 26an eta maiatzaren 3an egingo dira. Helbide honetan egin daiteke izen-ematea.
Debegesak sustatutako programak “eskualdeko industriaren etorkizuna bultzatzea” du helburu. Hortaz, industriari lotutako start-upei edo enpresa-ekimenei eta seed edo seed aurreko fasean daudenei zuzenduta dago, “baldin eta gutxieneko produktu bideragarria edo eraikitzen ari dena” badute.
Horrez gain, programara aurkezten diren ekimenek osagai teknologikoak edo negozio-eredu berritzaileak izan behar dituzte, honako esparru honetara lotutakoak: fabrikazio gehigarria, ikusmen artifiziala, RV/RA, robotika, IA, Big Data eta IoT.
Adituak, laborategi espezializatuak…
Azpimarratutakoaren arabera, Make in! ekimenak hainbat abantaila eskaintzen dizkie parte-hartzaileei: “Erreferentziazko industria-sare baterako sarbidea (BPTD elkartea), bezero potentzialetarako sarbidea, talenturako sarbidea, mentorizazio pertsonalizatua sektoreko adituekin, laborategi espezializatuak, lan-espazioak, prestakuntza eta ekitaldiak, inbertitzaileentzako sarbidea eta finantzaketa…”. Halaber, ekonomiaren hainbat alorretan adituak direnen bitartez landuko da ekimena eta, amaieran, proiektuaren pitching bat egiten da, eskualdeko enpresetako ordezkariak bertan direla.
Gaineratu dutenez, aurreko edizioetan parte hartu duten pertsonek inguruko enpresa industrialekin dagoen harreman zuzena nabarmentzen dute, kontaktu-sarea ehuntzeko zein lankidetza-proiektuak garatzeko aukera eskainiz. “Inguruko industria-azelerazioko programa indartsuenetako bat da, trebatzaile eta aholkulari-enpresa gisa dugun laguntzaile-sareari esker. Horiei esker, programak irauten duen aldian parte hartzen duten enpresek beren negozioaren 360º-ko ikuspegia dute, hobetzeko, finantzatzeko eta komertzialak izateko aukerak identifikatuz”, azaldu du Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradun Cristina Zumetak.
Programan Garriguesek, Elkargik, Easo Venturesek, ieTeamek, Sabadellek, Mondragon Corporationek, Think On Marketing-ek, Coben Groupek eta Startek parte hartzen dute.