Itziar Irizar jarduneko alkateak adierazi zuenez, “aurrekontuak osatzeko orduan jarritako lehentasunezko gaiak Gizarte Zerbitzuetan 2020an eta 2021ean sortutako hainbat partida mantentzea, kulturako jarduna indartzea eta Partaidetzan hasitako bideari jarraipena ematea izan da”.
COVID-19ak areagotutako krisi sozialaren, sanitarioaren, ekonomikoaren eta ingurumen krisiaren testuinguruan osatu dira aurrekontuak, eta egoera horri ere erantzuteko pentsatu dira, Irizarren esanetan. Horregatik, Gizarte Zerbitzuei dagokienez (608.000€), pandemia garaian sortutako hainbat zerbitzu edo diru-partida (Zaintza Sarea, Hezkuntza errefortzua, elikagai bankua…) mantendu beharra ikusi da. Gainera, Eguneko Zentroan zenbait inbertsio aurreikusi dira: leihoak, argiteria, guneak bereizteko ate irristailua…
Kultura eta aisialdiari lotuta aurreko urteetan egindako murrizketak kontuan hartuta, horiek berreskuratzeko partida jaso da %10 igota 2022rako aurrekontuetan. Gainera, Tene Mujikari lotutako jardueretarako 35.000€-ko partida ere sortu da.
Energia berriztagarriekin eta eraikinen jasangarritasun energetikoarekin lotutako partidak indartu eta berriak sortu dira.
Ekonomiaren Sustapena eta Landa Garapenari dagokionez, merkatuko eraikina birmoldatzeko eta merkataritza berrindartzeko planekin jarraitzeaz gain, ibilbide naturalei balioa emateko partida berri bat onartu da (6.000€), eta aurrehistoriaren bailarako proiekturako ere beste 30.000€ aurreikusi dira.
Hirigintzari dagokionez, Txosten eta irizpen teknikoen partida handitu da (40.000€) zenbait azterketa egiteko asmoz (Agirre jauregiko eta Gizarte Etxeko eraikinetako hezetasun eta isolamendu arazoak, Aldats pilotaleku gainaren birgaitzea, eliza inguruko hezetasun arazoak, merkatuko eraikina birgaitzea, hondartza eta ibaiko paseoa txukuntzea, Agerretxeko depositua handitzea…). Horrez gain, Europako funtsetara aurkezteko partaidetza tailerretan aztertutako Zumardiko guneari buruzko oinarrizko proiektua (65.000€) egingo da. Eta zerbitzuetako zenbait partida sortu dira, udaletxeko fatxada eta Ondargain txukuntzeko, adibidez.