Debegesak kudeatzen du “elkar-EKIN Lanean” programa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debabarrena eskualdeko udalek finantzatzen dute. Egoera ahulean eta kalitatezko enplegua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzen laguntzea du helburu.
Programa honen bidez, partaideen laneratzea lortu nahi da. Helburua da pertsona hauen enplegagarritasuna hobetzeko, bestelako baliabideen artean, beharrezko ezagutza nahiz gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatzea.
Hori hala, programa honetan prestakuntza eta akonpainamenduko bi ibilbide egin dira, guztira lau prestakuntza espezialitate desberdin biltzen dituztenak, besteak beste, ibilgailuaren pintura, elektrodo estali bidezko soldadura eta fabrikazio mekanikoko eragiketa osagarriak. Aipatutako ibilbideetako bat, “Eraikuntzako estaldura arin eta teknikoen oinarrizko eragiketak” hain zuzen, emakumeei zuzendutako ikastaroa izan da.
Diplomak martxoaren 31n banatu zituzten, Eibarren. Ekitaldian izan ziren Gilen Garcia Debako alkatea, Debegesako zuzendari nagusi Juan Angel Balbás eta Elena Alonso, Debegesako Enplegu Saileko arduraduna.