Pello Rodriguez Danobatgroupeko Zuzendari Orokorraren esanetan, makina-erremintaren sektoreak, “oro har”, pandemia aurreko salmenta- eta esportazio-mailak berreskuratu ditu, eta 2022ari begira dio urte hasierak “ekitaldi ona” iragarri duela, “merkatu nazionala eta automobilgintza zein aeronautika bezalako sektoreak moteldu diren arren”. Nazioartean ere “Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak eragindako hornidura-kateen egoera konplexua eta arazo logistikoak eta Txinako Gobernuaren COVID zero politikak sortutako ziurgabetasuna gorabehera”, sektoreak aurrera egingo duela uste du, “industria-sektore gehienak inbertitzen eta eskaerak egiten” jarraitzen dutelako. Danobatgroupi dagokionez, “2022ko lehen lauhileko erritmoari eutsiz gero”, 2019ko datuak errekuperatuko dituelakoan da Rodriguez.
Azokarako nobedadea: Endity
Zuzendari Orokorraren esanetan, BIEMH azoka “erakusleiho ezin hobea da sektorean dauden azken garapenak erakutsi eta sektoreko eta ekosistema osoko eragileekin elkarreragiteko ere”. Alde horretatik, Zuzendari Orokorraren ustez biurtekoa aukera ona da Danobatgroupeko kooperatibek, “Danobatek, Soralucek eta Idekok, euren ibilbide zabalaren berri” eman dezaten. Gainera, aurten, “lehen aldiz”, balio erantsi handiko piezen ekoizpenerako makinez gain, Endity Danobatgroupen enpresa berriak “aerosorgailuen palak egiaztatzeko eratu duen soluzioa” erakutsiko du BECen. Horixe izango da Danobatek azokara eroango duen nobedade nagusia.
Bestalde, aurten, “pertsonen eta talentuaren aldeko apustua eginez”, Danobatek Working Talent Hub industria-enplegu foroan ere parte hartuko duela iragarri du Rodriguezek.
226 milioi euroko fakturazioa
Danobat Group Mondragon Taldeko kooperatiba talde arrakastatsuenetako bat da, makina-erremintaren sektorean prezisio eta tamaina handiko makinak ekoizten dituena Danobat eta Soraluce markapean. Hornitzen dituen sektore nagusien artean aeroespaziala, trena, automobilgintza, energia, petrolioa eta gasa daude. Hala, Deba bailarako taldeak 2021ean 226 milioi euro fakturatu ditu eta 1.300 langile ditu munduko hainbat herrialdetan zehar dituen 15 ekoizpen guneetan banatuta: Deba bailaran, Alemanian, Erresuma Batuan, Herbehereetan…