Proiektua joan den ostiralean, otsailaren 10ean, aurkeztu zen eta ekitaldian, besteak beste, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua, Jon Iraola Eibarko alkatea, Juan Angel Balbás Debegesako zuzendari nagusia, TEK Azitain proiektuko zortzi enpresetako ordezkariak, Juan Diego Edinor enpresako kontseilari delegatua eta Mari Carmen Lazkano Deba Bailarako Industrialdeko kudeatzailea egon ziren.
Debegesa eskualdeko garapen agentziak eta enpresek sustatua, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza izan du TEK Azitain-ek, eta Edinorrek diseinatutako ereduaren arabera eratu da. Azaldu dutenez, “Edinor Petronorren filiala da ehuneko ehunean, eta energia-komunitateen garapenean espezializatuta dago. Proiektuak, hasierako bideragarritasun-azterketa egiteko, Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoa izan du, baita Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Next Generation Autokontsumorako Programaren laguntzena ere”.
1.086 metro kuadroko azalerarekin, instalazioak 156 kilowatt sortuko ditu eta urteko faktura elektrikoan “asko aurreztea” ahalbidetuko du. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren % 25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik.
Proiektu eredugarria
Hori horrela, lurraldean energia-trantsizioa bultzatzeko konpromisoa indartu egiten dela nabarmendu dute: “Izan ere, abantaila ekonomikoekin batera, urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko da, hau da, 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea”.
Proiektuak enpresen energia-autonomia pixkanaka handitzeko helburua du, poligonoan garatzen den jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa nabarmen hobetzeko eta bertan dauden enpresen energia-lehiakortasuna handitzeko. Ildo horretatik, industrialdean bertan biltegiratze-sistema bat eta instalazio fotovoltaiko gehiago jartzea aztertzen ari dira, interesa duten enpresa berriak komunitatean sar daitezen. Izan ere, komunitate honek enpresa edota instalazio berriak har ditzake bi kilometroko erradioan.