Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean joan den apirilaren 26an argitaratu ziren udal hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaitzak, herriz herri. Deban, guztira, bost zerrenda izango dira aukeran maiatzaren 28an botoa emateko orduan: EAJ-PNV, EH Bildu, Orain Deba, PP eta PSE-EE.
2015eko udal hauteskundeekin alderatuta, berritasunak daude oraingoan, zerrenda kopuruan ez ezik alderdi edo eragile politikoei dagokienean ere. Orain lau urteko deialdian, hain zuzen, lau hautagaitza izan ziren lehian Deban (EAJ-PNV, EH Bildu, Debarren Ahotsa eta PSE-EE). Eta, lortutako emaitzen ondorioz, azken agintaldian sei zinegotzi izan ditu EH Bilduk (alkatetzarekin), lau zinegotzi Debarren Ahotsa herri plataformak eta beste hiru, berriz, EAJ-PNV alderdiak.
Oraingoan, baina, Debarren Ahotsa ez da aurkeztuko hauteskundeetara (azken zortzi urteotan ez bezala), eta Orain Deba (lehenbizikoz) zein PP ere lehian izango dira udalerri mailan.
Maiatzaren 28an Deba eta Itziarko 4.344 herritar daude botoa ematera deituta; horietatik 778k Itziarko hautets barrutian egin ahal izango dute
Alazne Txurruka Allika (EAJ-PNV), egungo alkate Gilen Garcia Boyra (EH Bildu), Isidro Aristi Oruezabal (Orain Deba), Ainhoa Azpiolea Ramos (PP) eta Iñaki Azkue Gonzalez (PSE-EE) dira zerrendaburu eta alkategaiak.
Hiru boto-ontzi Itziarren. Maiatzaren 28an, udal hauteskundeekin batera, Nafarroako Parlamenturako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietarako hauteskundeak izango dira. Eta, Itziarren, aipatutako bi boto-ontzi horiez gain hirugarren bat ere izango da, auzo alkatea erabakitzeko. Denon Herria plataformak Arantza Egaña aurkeztu du auzo alkategai; bera aritu da kargu horretan amaitzear den azken agintaldian ere.
4.344 hautesle, sei mahaitan. Udalak emandako datuen arabera, M28an Deba eta Itziarko 4.344 herritar daude botoa ematera deituta; horietatik 778k Itziarko hautets barrutian egin ahal izango dute, Luzaro ikastetxean jarriko duten hauteskunde-mahaian, hain zuzen. Deban, berriz, bost mahai izango dira: bina Luzaro ikastetxean, bina Eguneko Zentroan eta bosgarren bat kiroldegian.
Berriketan aldizkariak hauteskundeekin lotutako eduki guztia plazaratuko du ondorengo ordu eta egunetan
Bozketa-egunaren ondoren, ekainaren 17an eratuko dira udalbatzak eta hautatuko dira alkateak, emaitzen aurkako hauteskundeekiko auzi-errekurtsorik ez badago. Batzar nagusiak ere data beretsuetan eratuko dira.
M28a Berriketan-en. Maiatzaren 26an amaituko den hauteskunde-kanpainari aurrea hartu nahian, Berriketan-ek apirileko alean landu zituen hauteskundeen nondik norako nagusiak. Besteak beste, Debarren Ahotsak igorritako gutuna, Itziarko Denon Herria plataformaren idatzia edota hautagai-zerrendak aurkeztu dituzten indar politikoetako alkategaiei egindako elkarrizketak jaso zituen aldizkariak; EAJ-PNV, EH Bildu, Orain Deba eta PSE-EEko zerrendaburuen esanak bildu ditugu (PPren kasuan, aldizkariaren edizioa ixterakoan baieztatu zuen hautagaitza aurkeztuko zuela, baina ez zuen bestelako informaziorik eman).
Ondorengo ordu eta egunotan plazaratuko dugu eduki guztia atari digitalean. Elkarrizketen kasuan, alkategaiek ordezkatzen dituzten alderdien izenaren araberako ordena alfabetikoan kaleratuko da edukia.