EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Deban. Gehiengoa berretsi du, botoen %43,23 lortuta (1.286 boto, duela lau urte baino 48 gutxiago). EAJ-PNVk, berriz, igoera nabarmena izan du udalerrian: bozen %39,80 jaso du (1.184 boto, 2019an baino 446 gehiago). Eta Orain Debak botoen %11,87 lortu du (353 boto). Hiru indar politiko horien ordezkariekin osatuko da, horrenbestez, udalbatza datozen lau urteetan: EH Bilduk sei zinegotzi izango ditu –joan den agintaldian bezalaxe–, EAJ-PNVk beste sei –azken lau urteotako zinegotzi kopurua bikoiztuz–, eta Orain Debak bat, lehenengo aldiz.
Hautagai-zerrenda aurkeztu zuten PSE-EEk eta PPk ere, baina bietako batek ere ez du ordezkaritzarik izango udalbatzan. PSE-EEk 73 boto izan ditu orotara (%2,45), duela lau urte baino sei gutxiago, eta PPk, berriz, 15 boto (%0,50) izan ditu –2019an ez zuen zerrendarik aurkeztu–.
Parte-hartzea, behera. Atzo (maiatzak 28) Deba eta Itziarko 4.341 herritar zeuden botoa ematera deituta eta orotara 2.990 herritar izan ziren hautetsontzietan, herritarren %68,87. Beraz, 2019ko datuekin alderatuta, behera egin du parte-hartzeak; izan ere, %74,35ekoa izan zen orduan. Abstentzioa, aldiz, %31,12koa izan da aurten, orain dela lau urte baino bost puntu gehiago (%25,65). Boto zuriak 64 izan dira, eta baliogabeak 15.