Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.264.526,71 euro inbertituko ditu Kanala Hotelaren alboko bihurgune estua hobetzen. Jarduketa berri horrekin, GI-3210 errepidearen segurtasuna hobetzeaz gain, Itziarko industrialdera doan garraio astunaren irisgarritasuna bermatu eta horien zirkulazioa erraztu nahi du aldundiak. Lanak 2024ko bigarren hiruhilekoan hastea aurreikusten da eta horiek gauzatzeko epea sei hilabetekoa da.
Zehaztu dutenez, jarduketa berri horrek jarraipena emango die Itziarko eta Itsaspeko errepideetara igotzeko maldan zeuden bihurgune itxiek eragiten zituzten arazoak gutxitzeko 2020an egindako hobekuntzei. “Obra honek konpontzeke zegoen errepidearen azken puntu problematikoari helduko dio: Kanala Hotelaren inguruko bihurguneari”.
Proposatutako konponbide horri esker, bihurgunearen aldean dagoen maldarik altuena malda ertaineko eremu bihurtuko dute. Horretarako, 108 metroko luzera eta gehienez 8 metroko altuera duen euste harri-lubeta bat diseinatu dute. Debako Udalak eskatuta, gainera, galtzadaren plataforma zabaldu egingo dute eskuineko aldean, espaloi bat egiteko. “Etorkizunean, espaloi horri jarraipena emango zaio, Itziar jatetxearen zabalguneraino. Bertan, garraio publikoko lineak gelditzen dira eta, horrela, oinezkoentzako konexio segurua lortuko da Itziarko herrigunearekin”.
Urteen poderioz, Gipuzkoako industrialde nagusietako bat bihurtu da Itziar-Deba enpresa parkea; eremuak ia 730.000 metro koadroko azalera du eta hainbat sektoretarako 100 enpresa baino gehiago hartzen ditu. Horregatik guztiagatik, erakundeen eta enpresen arteko ahalegin kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan ditu Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. “Lurralde gisa funtsezkoa da garraio korridoreak eta lurraldeko parke eta industria eremuetako sarbideak hobetzen jarraitzea”.
Ildo beretik, Itziar-Deba enpresa parkearen irisgarritasuna hobetzeak “berebiziko garrantzia” duela gaineratu du. “Sektore eolikoko edo makina erremintarekin lotutako lantegiak kokatzen dira bertan. Hala nola, pieza handiak ekoitzi edo horiekin hornitzen diren eta bolumen handiak garraiatzen dituzten enpresak. Obra honi esker, etorkizunean enpresa berriak ezartzea erraztuko da. Lanok, era berean, azken urteetan egin diren berrikuntza lanei amaiera emango diete, bultzada emanez egungo enpresei eta jarduera berria erakartzeko bidea irekiz”.
Testuinguru horretan, Debak “enpresa parke sendo eta lehiakorra izatearen garrantzia” nabarmentzea “funtsezkoa” dela adierazi du Alazne Txurruka alkateak. “Debako Udalak konpromisoa hartu du Itziarko Auzo Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan aritzeko, eta Itziarko industrialdeak bere funtzionamendu osorako eta garapena egokirako beharrezko azpiegiturak izan ditzan. Ahalegin horren helburu nagusietako bat da industria eremua erreferente izatea”.
Enpresa parkea hobetzeak, aldi berean, Debako udalerriarentzat eta eskualdearen garapenarentzat onurak izango dituela gaineratu du tokiko erakundeko agintariak. “Enpresa parke indartsu batek tokiko hazkunde ekonomikoa sustatzen du, enplegua sortuz eta eskualdean inbertsioa sustatuz”.