Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan dadin eskaera egin dio Espainiako Gobernuari eta, aldi berean, hori gauzatu bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei eskatu zaie osa ditzatela gutxieneko pentsioak lehen aipatutako 1.080 euroraino.
Eskari hau babestu dezan, Debako Udalari mozio bat aurkeztu zitzaion eta, azaroaren 29an egindako osoko bilkuran aztertu ondoren, ez zen onartu: aldeko botoak 6 (EH Bildu), kontrakoak 6 (EAJ-PNV) eta abstentzio bat (Orain Deba). Beraz, berdinketa egon zenez, alkatearen kalitatezko botoak erabakitzen du, eta ez zuen aurrera egin. Horren ordez, EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa onartu zen, baina bertan Jaurlaritzari ez zaio eskatzen pentsioak 1.080 euroraino osa ditzan.
Azken batean, pentsioak hobetu beharra onartzen da, baina, eskumen hori Madrilen esku dagoenez, Jaurlaritzaren eskuetara pasa dezatela eskatzera mugatzen da, Autonomia Estatutuak jasotzen duen bezala. Noski, guk ere bat egiten dugu eskari horrekin, baina hori gauzatu bitartean, uste dugu ezin direla egon hainbat eta hainbat pentsiodun miseriazko pentsioekin edo pobreziaren mugan.
Uste dugu erakunde publiko baten betebehar nagusietako bat dela ordezkatzen duen jendartearen kohesioa lortzea, baina nola lortu hori gizartean gero eta arrakala handiagoak badaude? Ezin da gizarte kohesionatu bat lortu hainbeste jende bazterrean utzita. EAEn 167.710 herritarrek daukate gaur egun 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa. Eta genero arrakala hainbeste aipatzen den honetan, horietatik %90 inguru emakumeak dira. Norbaitek esango du ez dutela kotizatu, eta noski, kasu askotan hala da, baina ez lanik ez dutelako egin. Gehienek umeak hazi dituzte, familiaz arduratu dira, adinekoak zaindu dituzte, eta askotan beste lan batzuk egin dituzte, eskailerak garbitu, besteen umeak zaindu… baina kotizatu gabeko lanak dira. Eta alargun geratu ondoren senarraren soldata edo pentsioaren %60arekin geratu dira. Nork ez du ezagutzen egoera horretan dagoen emakumeren bat? Kontua da, bizitza osoa etengabe lanean pasa eta orain miseriazko pentsioak dituztela.
Pentsioak 1.080 eurora arte osatzeak zer kostu izango lukeen kalkulatuta dugu eta hala jakinarazi diogu Jaurlaritzari. Suposatuko liokeena guztiz jasangarria da; borondate politikoa besterik ez da behar hori aurrera eramateko.