Debako udalerriaren inguruko informazio geografikoa, historikoa, soziologikoa… eman zieten bi ordezkariek Gipuzkoako batzarkideei, baita auzo udala sortzeko prozesuaren ibilbidearen berri eman ere. “Elkarrekin eta elkarlanean” eredu berriak bilatu izana nabarmendu zuten bi ordezkariek.
“Gatazkatik kooperaziora”; halaxe laburbildu zuen Garciak Debako eta Itziarko erakundeen arteko harremana. Eta horri esker lortu den emaitza entitate txiki bihurtzeko prozesua egin nahi duten beste herrientzat “eredu” dela nabarmendu zuen. Ildo beretik mintzo zen Arantza Egaña auzo-alkatea ere.
Egañak bere hitzartzean nabarmendu bezala, “lana latz eginez gainditu zen desadostasuna, eta momentu honetan Deban bertan sorturiko hainbat mamu bertan behera uztea lortu dugula esan dezaket harrotasunez, 2020ko abenduan lehen aldiz sinatu genuen hitzarmena medio”. Aho batez adostu zuten hitzarmen hori Debako udalbatzako hiru alderdiek eta Itziarko Auzo Udalak.
Akordioetara heltzeko gaitasunari garrantzia eman zion Garciak, dagoen “potentzial humanoa, politikoa eta soziala” nabarmenduta. Ildo horretan kokatzen dute, halaber, Debako udalbatzaren otsaileko osoko bilkuran zabalik zegoen errekerimenduaren gaia ixtea erabaki izana.
Agintarien iritziz, “azken hilabeteotako praktikak erakutsi du entitate txikien figurak hainbat abantaila dituela herritarrentzat, batez ere hurbiltasunari begira, bai maila fisikoan eta baita psikologikoan ere. Kooperaziori esker entitate bakoitzari dagozkion zerbitzuak zeintzuk diren zehaztu da, eta horiek nola uztartu erabaki da, eskumenak kontuan hartuta. Erakundeen lana erraztu da, eta batez ere hobetu egin da zerbitzua udalerri osoko biztanleentzat”.
Aurkezpenaren bideoa ikusgai dago sarean.