Mendiak argiztatuz mugak demokratikoki erabaki behar direla aldarrikatu zuten larunbatean milaka herritarrek

Berriketan 2022ko uzt. 5a, 17:32

Pasa den larunbateko iluntzean, Euskal Herriko eta Kataluniako milaka herritarrek Pirinioetako 300 tontor baino gehiago argiztatu zituzten, Higer Lurmuturretik Creusekora, 430 kilometrotik gorako argi-lerroa osatuz. Herrien burujabetzaren aldeko aldarrikapena nazioartean zabaltzea izan du ekimenak jomugan. Etxalarren dagoen Kokori mendilerroa argiztatu zuten Debabarrenetik joandako berrehundik gora herritarrek.

Debatik, Itziartik, Elgoibartik, Eibartik eta Soraluzetik joandako herritarrak Etxalarko Kokori mendian batu ziren larunbatean, uztailak 2, Gure Eskuk Kataluniako ANC Biltzar Nazional Katalanarekin, FEEC Kataluniako Txangozale Erakundeen Federazioarekin eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteekin batera elkarlanean antolatu zuen Pirinioetako Bidea-Via Pirinenca ekimenaren baitan.

Hamarrak aldera, gainerako mendietara joandako herritarrekin bat eginez, herritarrek bostehunen bat metroko argi-lerroa osatu zuten Kokori mendilerroaren bi puntutan, frontal eta farola argitsuz hornituta eta adar, irrintzi, dultzaina eta txistuen doinu artean. Inguruetan, Larrun mendia eta beste hainbat mendi-tontor ageri ziren, argiztatuta haiek ere.  

Hamar eta erdiak aldera, Iñaki Amuategi Gure Eskuko kideak nazioarteko komunitateari zuzendutako mezua irakurri zuen: “Mezu argi bat bidaltzen ari gara gaur Pirinioetatik mundura: libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar du herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea. Demokrazia eta askatasun kontu bat da: mugak demokratikoki erabaki behar dira, botoen bidez, eta ez inposizio, indarkeria edo gerraren bidez”.

Hamaikak aldera, berriz, Txoriak txori, Agure zaharra (L´estaca) eta El segadors kantak kantatu zituzten. Ondoren, menditik beherako bideari ekin zioten eta errepidean zain zituzten autobusetan bueltatu ziren herrietara.  

Jarraian, Pirinioetako Bidea ekimen osoari jarraipena eginez, Euskal Herritik eta Kataluniatik aldi berean eskaini zuten zuzeneko emisioaren bideoa:

Mediatekan ekimenak emandako irudiekin osatutako argazki-galeria.