Dinamikako kideek azpimarratu dute Tourra Euskal Herritik igarotzen den egunetan bazterrak “ikurrin uholdez” betetzea dela helburua. “Ikur horiek eskuan errepide bazterretara ateratzeko deia egiten dugu, guztion artean argi adierazteko gure etorkizuna erabakitzea gure esku egon behar duela. Etxeko balkoietan ere erabakitzearen aldeko ikurrinak eskegitzera animatu nahi zaituztegu, geure mezua leku guztietan ikus dadin”, eskatu dute.
Helburu hori lortzeko bidean, Euskal Herriak Erabaki-Basques Decide leloa daramaten 60.000 ikurrin banatuko dituzte hurrengo egunetan. Ikurri berezi horiek lortzeko modu asko daude. Ekainaren 29ra arte, Gure Eskuren Interneteko dendan eskuratu ahal izango dira, baita herrietako taldeei eskatuta ere. Deban eta Itziarren, esaterako, 500 ikurrin inguru ipiniko dituzte salgai; herritarrei, beraz, azkar ibiltzeko eskatu diete. Bost euroren truke, honako leku eta ordutegietan eskuratu ahal izango dira:
- Deba
- Ekainak 29, osteguna. 19:00etatik 21:00etara, udaletxeko azpiko arkupean.
- Ekainak 30, ostirala. 18:00etatik 20:00etara, udaletxeko azpiko arkupean.
- Uztailak 1, larunbata. 12:00etatik 14:00etara, udaletxeko azpiko arkupean.
- Uztailak 2, igandea. 12:00etatik 14:00etara, udaletxeko azpiko arkupean.
- Itziar
- Ekainak 30, ostirala. Arratsaldean, Burugorri kanpoan.
Lasterketak nazioartean duen oihartzuna baliatuta, gainera, “airetik ikusgarriak diren irudiak” sortu nahi dituztela ere esan dute. Hori horrela, leku esanguratsuetan airetik hartzeko moduko irudiak sortzeko erronka ezarri dute, “jasoko diren irudietan argi ikusteko herri honek bere izatea harrotasunez bizi duela”.
Ekimen horrekin bat eginda, XL neurriko ikurrin erraldoi bat jarriko dute Deba eta Itziar batzen dituen errepide bazterrean. Herri dinamikako kideek zehaztu dutenez, 21 metro zabal eta 14 metro luze dituen ikurrin bat ipiniko dute Doniene Berri baserriko lursailetan, “garai batean kanpina zegoen parean”.
Gure Eskuk, bestalde, 1000 ikurrin baietz erronka ere jarri du abian. “Bide bazterretan sortuko den ikurrin uholde horretaz gain, 1000 makildun ikurrin ere banatuko ditugu egunero”. Erronka honako leku eta egunetan egingo dute: ekainaren 29an taldeen aurkezpenean eta uztailaren 1ean Bilbon, uztailaren 2an Gasteizen irteeran eta Donostian helmugan, eta uztailaren 3an Zornotzan irteeran, Baionan helmugan eta Bidasoan. Parte hartzeko interesa dutenek Gure Eskuren webgunean izena eman behar dute.