Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko dirulaguntza deialdia abiarazi du. Deialdia negozio ideia bat landu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi dutenei zuzenduta dago. Debabarrenari dagokionean, Debegesa garapen agentziaren bitartez egin daitezke eskaerak; horiek aurkezteko azken eguna ostirala (azaroak 3) da eta, iragarri dutenez, lekuak mugatuak izango dira. Dirulaguntza horiek bideratzeaz gain, Debegesak aholkularitza eta beharrezko laguntza ere eskainiko die ekintzaileei.
Debegesak kudeatuko dituen dirulaguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio-ideiak lantzeko, gehienez, 1.000 euroko laguntza emango dute eskatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio eskatzaile bakoitzari. Debegesatik gaineratu dutenez, zenbateko horiek %15 handituko dira eskatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta, beste %15 emakumezkoa bada.
Laguntza eskatzeko dokumentazioa Debegesaren bulegoetan aurkeztu behar da. Informazio gehiago eta bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago Debegesaren webgunean. Argibide gehiago nahi dutenei 943 82 01 10 telefonora deitzeko edo ekintzaile@debegesa.eus posta elektronikora idazteko eskatu diete.