Zabalik dago Industria 4.0 eta digitalizazio arloetan proiektuak bultzatzen dituzten enpresei laguntzeko eskualde mailako deialdia. Debegesako iturriek zehaztu dutenez, soilik izena ematen duten lehenengo lau enpresei eskainiko zaie aholkularitza. Parte hartzeko edo informazio gehiago jasotzeko interesa duten enpresek pymes@debegesa.eus helbide elektronikora idatzi edo 943 82 01 10 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Debegesatik azaldu dutenez, programa horren asmoa da Industria 4.0 eta digitalizazio arloetan enpresak dituztenen beharrak identifikatzea eta teknologia horiek ezartzeko prozesuan laguntzea. “Helburua da eskualdeko enpresei laguntzea, digitalizazioa eta 4.0 industriaren garapena azkartuz eta bultzatuz“. Zehaztu dutenez, laguntza pertsonalizatu hori deialdian izena ematen duten enpresetako lantaldeekin egingo dute. “Lauzpabost saiotan enpresak jarraitu beharreko bide orria zehaztuko dugu”.
Honakoak eskainiko ditu Debegesak doan eskainiko duen zerbitzuak:
- Enpresaren egoeraren analisia eta digitalizazioaren arloan enpresaren egoera ezagutzea.
- Estrategia horrekin lotutako proiektuak identifikatzen eta lehenesten laguntzea.
- Identifikatutako proiektuak garatzen laguntzea eta eman beharreko urratsak zehaztea.
- Proiektuak garatzeko hornitzaile teknologiko egokiak identifikatzen laguntzea.
- Informazioa eta laguntza digitalizazioaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen kudeaketan.
- Laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzeko informazioa.