Debako kaleak musikaz, dantzaz eta kolorez bete ziren larunbat goizetik gauera bitartean. Kalez Kale txistulari taldearen eta Zubietako joaldunen kalejirekin eman zieten hasiera egunari. Bien bitartean, tenperaturak eta jai giroak gora egiten jarraitu zuten, eta Plaza Zaharrean jarritako talo-postuaren ilarak ere luzatzen joan ziren. Nahi zuenak sagardoa doan dastatzeko aukera izan zuen plazan bertan.
Eguerdi aldera, Gure Kai euskal dantza taldeko eta Musika Eskolako dantzarien emanaldiak ikusteko aukera izan zen. Eta bazkal aurreko orduetan, berriz, trikitilariek girotu zituzten kaleak, trikitia eta panderoa eskuetan hartuta.
Parte-hartze handiarekin
Euskal Jaiko beste hitzordu jendetsuenetariko bat Aldats pilotalekuan egindako bazkari herrikoia izan zen. Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako otorduari, ohi bezala, harrera bikaina egin zieten herritarrek. Elkarteak emandako datuen arabera, adin guztietako 500dik gora lagun elkartu ziren herri bazkarian.
Bazkalostean, hirugarren Irrintzi Txapelketa ere egin zuten. Bost lagun aurkeztu ziren lehiaketara eta horien artean onena Nerea Urbizuren irrintzia izan zela erabaki zuen epaimahaiak; hainbat produktuz osatutako saskia pozik eta esker onez eraman zuen.
"Gazi-gozoa"
Ospakizunak kutsu gazi-gozoa ere hartu zuen, ordea, egun berean zendu baitzen Iñaki Elosua. Herritar ezaguna Euskal Jaiaren sustatzaile nagusienetako bat izan zen; urte luzez aritu zen ospakizunaren antolakuntzan, Debako kultura eta euskara sustatzeko helburu argiarekin. Hori dela eta, aipamen berezia egin zioten herri bazkarian.
Joseba Escuderok ekarri zuen gogora hark egindako lana, uztaileko Berriketan aldizkaria eskuan zuela; ale horretan ikusi zuen argia, hain justu, Elosuak idatzitako azken kolaborazioak (HEMEN irakurgai). Giro hunkigarria izan zen frontoian eta bertaratutakoek txalo zaparrada bero batekin eskertu zuten Elosuak urte luzez euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana eta ibilbidea.
Saskien zozketa
Zuhatzak zozkatutako bi saskien zenbaki irabazleak ere bazkalostean iragarri zituzten. Lehen saskiaren irabazlea 11.285 (12.268 ordezkoa) zenbakia izan eta bigarrenaren irabazlea, aldiz, 4.496 (10.805 ordezkoa). Ondoren, kantuan eta dantzan ibili ziren pilotalekuan bildutakoak. Laja eta Lutxurdixoren trikiti eta pandero doinuek jende asko jarri zuten dantzan.
Zuhatzakoek jakinarazi dutenez, bigarren saskiaren irabazlea (Aiora Fernandez) unean bertan agertu zen. Lehen saskiaren zenbaki saritua ez da ezarritako epean agertu eta, beraz, ordezko zenbakiaren jabeak jasoko du saria.
Jai giroa goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zen. Herriko haur eta gaztetxoak gogotsu ibili ziren buruhandien aurretik korrika eta Debrass Bandeko kideek girotu zuten iluntzea. Eguna amaitzeko, Obaneuke taldearen erromeria izan zen Foruen Plazan.