Aldizkari honetan idatzi nuen azken aldian aurreratu nuen bezala, aspaldian banuen Zuhatza Euskara Elkarteari buruz hitz batzuk esateko gogoa. Zuhatzak merezi du aipamena eta goraipamena egitea eta euskararen alde egin duen eta oraindik ere egiten duen guztia orrialde oso batean nabarmentzea.
Garai batean, eskola orduak bukatu eta kalera irteten zirenean, ikastolako haurrak erdaraz aritzen ziren barra-barra... Eta argi ikusi zen Deban euskara talde bat sortzeko beharra. Talde haren bultzatzaile sutsuak izan ziren Amaia Zinkunegi eta Joxemari Altzibar bera ere... Eta gogoan dut 1997ko gabon aurreko astean Nagore Dorronsorok, Ina Oiartzabalek, Sabino Aizpuruak eta nik neuk erakunde berria Kultur Elkartean aurkeztu genueneko egun hura. Urduri egon arren, oso pozik gelditu ginen aurkezpenean jende mordoa bildu zela ikusita. Udalaren babesarekin sortu zen Zuhatza, handik aurrera lanean jarraitzeko helburuz.
Elkarteak 1997tik gaur egun arte egin edo bultzatu dituen ekintza batzuk ekarri nahi nituzke gogora; agian ez ditut guztiak gogoratuko, baina bai haietako asko.
Adibidez, zalantzarik gabe, Euskal Jaiaren sustatzaile sutsua izan da beti Zuhatza; gerora indar handia hartu duen herri bazkariaren antolatzailea da eta festa iragartzeko kartel lehiaketa ere egin du urte askotan. Aipatu beharra dago, bestalde, urtero-urtero Olentzeroren eta Mari Domingiren jaialdia ere Zuhatzak bultzatu duela herri honetan, jende askoren laguntzaz.
Ikasleen literatur lehiaketez gain, ezin aipatu gabe utzi haurrentzako bestelako ekitaldi batzuk. Izugarrizko arrakasta izaten zuten, adibidez, uda partean antolatzen genituen ikuskizunek. Eta, gainera, Kolore Anitz aisialdi taldea ere euskara elkartearen babesean sortu zen.
Korrikaren bultzatzaile nekaezina izan da Zuhatza; urte askotan eginkizun guztiak bere gain hartu eta elkarteak beti eman dio izugarrizko laguntza ekimenari. Eta beste gauza askotan ere antolatzaile edo laguntzaile fina izan da beti elkartea. Praileaitzen aldeko hitzaldiak, memoria historikoaren aldeko ekintzak, musika ekitaldiak, bertso jaialdiak —Amets Arzallus txapelduna ere bertan genuela—... Oso luzea da zerrenda, izugarria. Era berean, bereziki nabarmentzekoak dira urte osoan zehar euskara ikasten dabiltzan mintzalagunak eta, nola ez, Berriketan aldizkaria bera ere.
Bi hamarkadatik gora
1997tik 2020ra arte aritu naiz ni elkartean, zuzendaritzan, diruzaintzan eta beste hainbat zereginetan. Zuhatza euskara berpizteko helburuz jaio zen eta neurri handi batean herrian euskararen erabilera indartzea lortu duela esango nuke. Sarritan aipatu izan digute asko egin dugula euskararen alde eta nik ere hala uste dut; askotan ez da behar bezala baloratzen, baina elkarteak lan handia egin du, egiten du eta aurrerantzean ere horretan jarraituko du, garai bakoitzera egokituz betiere.
Elkarteko kideen argazkia (1997).
Literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldia (2018).