Debako Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua jarri du martxan, eta herrian halako egitasmo bat egiten den lehen aldia izanik, horri buruzko nondik norakoak azaltzeko eta herritarren zalantzak argitzeko saio ireki bat deitzea erabaki du.
Gaur (otsailak 3) 19:00etan izango da bilera, udaletxeko batzar aretoan, eta, bertan aurrekontu parte-hartzaileei buruzko xehetasunak azaltzeaz gain, herritarren lehen proposamenak jasotzen ere hasi nahi dute. "Hala nahi duenak, bertan aurkeztu ahal izango ditu bere ideiak", adierazi dute.
Bestalde, gogorarazi dute zabalik dagoela proposamenak egiteko epea. Otsailaren 17ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte herritarrek udalerria hobetzeko dituzten ideia edo proposamenak. Honako hiru bideetako batetik bidali daitezke:
- Aurrez aurre: gaurko saio irekian eta larunbatean (otsailak 8) Foruen Plazan 12:30etik 14:30era egingo den saio irekian.
- Paperean: etxez etxe bidali den eskuorrian inprimaki bat dago, eta behin hori beteta, turismo bulegoan, Musika Eskolan, kiroldegian, udaletxean, Gizarte Zerbitzuen eraikinean eta udal liburutegian dauden postontzietan utzi daitezke.
- Internet bidez: eskuorriko QR kodea eskaneatuz edo esteka honetan sartuz.
Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, idatzi aurrekontupartehartzaileakdeba@gmail.com helbide elektronikora.