Duela hiru hamarkada hasi zuen ibilbidea Aitzuri Abesbatzak. Dena den, taldea ez zen ezerezetik sortu. "1987an eratutako Alos Torrea eta 1992an sortutako Gure Ametsa abesbatzek, biak ere Amaia Zinkunegik zuzendutakoak, bat egin ondoren jaio zen Aitzuri. Talde batean zein bestean jende gutxi ibiltzen ginen eta, arrazoi horregatik, indarrak batzea erabaki genuen", gogoratu du Jose Mari Iparragirre abesbatzako kideak.
Kantatzeko zaletasuna partekatzen zuten 50 bat gizon-emakumek hasi zuten bidea eta, harrezkero, aldaketak izan dira taldean. Hogeita hamar urteotan, adibidez, sei zuzendariren (Amaia Zinkunegi, Ainhoa Sorazu, Fefe Urain, Alaitz Urkia, Ander Simal eta Xabier Carrillo) gidaritzapean aritu da abesbatza eta korutik makina bat kide pasa dira. Baina, funtsean, 1994an sortu zeneko esentzia bera mantentzen du oraindik ere Aitzurik; alegia, kantagintzaz gozatzeko eta musika bazter guztietara zabaltzeko helburuarekin jarraitzen du.
[Aitzuri Abesbatzaren 30 urteko ibilbidea, iruditan]
Ahots mota ezberdineko (sopranoa eta kontraltoa emakumezkoetan, eta tenorra eta baxua gizonezkoetan) 30 kide inguru dabiltza uneotan taldean. Partaide kopurua handiagoa zen 1994ko hastapenetan, baina Xabier Carrillo zuzendariaren iritziz, garrantzitsuena ez da unean uneko kopurua, "koruko kideen gaitasuna eta kalitatea baizik". Hori esatearekin batera, abesbatzak urte hauetan guztiotan ikasketa prozesu "handia" izan duela azpimarratu du. "Orain hasieran baino jende gutxiago izango gara, beharbada. Baina bidean ikasitako guztiaren ondorioz, lehengo 50 lagun haien pareko sonoritatea daukagu, edo handiagoa, agian".
Besteak beste, Milango Duomo katedralean abesteko aukera izan zuen abesbatzak 2001ean
Taldeko kideak bat datoz egungo mailara iristeko gakoetako bat urteotako zuzendariak izan direla esatean, baina, aldi berean, lan tekniko "handia" egin behar izan dutela ere aipatu dute. Zentzu horretan, "ezinbestekoa" izan da formakuntza; besteak beste, ahots teknika lantzeko hainbat ikastaro egin dituzte eta, azaldu dutenez, kantu klaseek ere "sekulako pisua" izan dute taldearen bilakaeran.
Europan barrena
Aitzurikoek gustuko dituzte erronkak eta Euskal Herriko hainbat areto eta jaialdi esanguratsutan abestu izan dute. Halaber, kantu txapelketa ezberdinetan ere parte hartu izan dute urteotan; 2004an, adibidez, lehen saria eskuratu zuten Griñon-en (Madril) egin zen lehiaketan. Bestalde, Euskal Herriko edota Espainiako beste talde batzuekin urtero trukeak antolatzen saiatzen dira eta, horri esker, beste abesbatza batzuk ezagutzeko eta han-hemenka ibiltzeko "aitzakia paregabea" izan dutela aitortu dute musikariek.
[Aitzuri Abesbatzaren 30 urteko ibilbidea, iruditan]
Euskal Herriko eta Espainiako mugetatik haratago, Europan barrena ere ibili izan dira debarrak. 1999an, esate baterako, bira bat egin zuten Belgikan, Brusela, Brujas edota Gante bezalako hirietan abestuz. Baina, ziurrenik, Aitzurik jaso duen gonbidapenik garrantzitsuenetako bat Milango Duomo katedralean abesteko proposamena izango da; 2001ean, Giuseppe Verdi konpositore italiarraren heriotzaren mendeurrena zela eta, haren Requiem-a bertan interpretatzeko aukera izan zuten, beste hainbat abesbatza esanguratsurekin batera.
Aitzuri Abesbatzak, gainera, aktiboki parte hartzen du herriko kultur jardunean eta urtean antolatzen diren hainbat ekitaldi berezitan, hala nola Santa Ageda bezperako ospakizunetan eta maiatzaren bukaeran Debatik Itziarrera egiten den erromesaldian. Eta, nola ez, tradizioari eutsiz, laster ospatuko diren San Roke jaietan ere parte hartuko du; ohi bezala, abuztuaren 14an, festak hasten diren egunean, Hilarion Eslava konpositore nafarraren Salbea abestuko dute Santa Maria elizan iluntzean egiten den elizkizun berezian.
Urteurrena ospatzen
Urtero uda hasieran ematen duten kontzertua uztailaren 7an egin dute aurten. Emanaldi berezia izan zen, zalantzarik gabe, 30. urteurrena herritarrekin batera ospatzeko baliatu baitzuten hitzordua. Lepo bete zen Santa Maria elizako klaustroa eta han elkartu ziren ikus-entzuleen gozamenerako, hamahiru piezaz osaturiko errepertorio atsegina eskaini zuten. Amaia Zipitria pianistaren laguntzarekin, Rossini-ren Kyrie abestia, Mancini-ren Moon river eta Juan Carlos Perezen Lau teilatu interpretatu zituzten, besteak beste.
Aitzurikoen iritziz, taldean edonork kantatu dezake: "Gogoa, musikarekiko zaletasuna eta taldearekiko konpromisoa behar dira, besterik ez"
Urteurreneko ospakizunak ez dira bukatu, ordea, Sevillara bidaiatzeko asmoa dutela aurreratu baitute koruko kideek. "Gure artean sekulako giroa daukagu, eta horren adibide da irteera hau ere. Asteburu pasa joango gara, baina, tamalez, taldekide guztiak ezingo dira gurekin etorri", dio Idoia Garitaonandia taldeko kideak, penatuta. Irteera emanaldi bat egiteko baliatuko dutela azaldu dute. "Berez, ez goaz kontzertu bat ematera, baina ziur aski horretarako ere aprobetxatuko dugu txangoa", zehaztu du irribarre artean Txema Txurruka taldekideak.
Gonbidapen irekia
Irailaren erdialdean ekingo diote ikasturte berriari eta, iragarri dutenez, orduan hasiko dira errepertorio berria lantzen. Gogora ekarri dute hori izango dela unerik aproposena taldearekin bat egin nahi dutenentzat.
[Aitzuri Abesbatzaren 30 urteko ibilbidea, iruditan]
Kantatzeko zaletasuna duen edonori egin diote gonbidapena. "Musika gustuko duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu taldera. Urteekin, jendeak abesteari lagatzen dio eta taldekide berriak behar izaten dira. Denok izango zarete, hortaz, ongi etorriak! Nahikoa da gutako batengana hurbildu eta taldean kantatu nahi duzuela esatea. Bestela, etorri gure kontzertuetako edo entseguetako batera". Aitzurikoen iritziz, taldean edonork kantatu dezake, baita partitura bat irakurtzen ez dakitenek ere. "Gogoa, musikarekiko zaletasuna eta taldearekiko konpromisoa behar dira, besterik ez. Ez da lan handia, baina honek guztiak ahalegin pixka bat ere exijitzen du", aipatu du zuzendariak.
"Taldekideak gero eta zaharragoak dira eta jendea behar dugu, abesbatzari jarraipena eman ahal izateko eta Aitzurik bizirik segiko duela ziurtatzeko"
Abesbatzako kideek astearteetan eta asteazkenetan entseatzen dute musika eskolan; 21:00etatik 22:15era. Eta guztien artean "kimika berezia eta giro paregabea" dutela nabarmendu dute. Guztiak bat datoz, hain zuzen, "lagun talde ederra, familia baten parekoa" osatu dutela esaterakoan.
Etorkizunera begira, ohartarazi dute ez dutela kantarien soka eteterik nahi, eta azpimarratu dute belaunaldi berriek aurrekoen lekukoa hartzea komeni dela, abesbatzak beste hainbeste urtean bizirik jarrai dezan. "Taldekideak gero eta zaharragoak dira eta jendea behar dugu, abesbatzari jarraipena eman ahal izateko eta Aitzurik bizirik segiko duela ziurtatzeko. Herrian umeen eta gazteen taldeak sortzeko ahalegina egitea berebizikoa dela iruditzen zaigu. Harrobia sortu behar dugu. Inor ez badago gure lekukoa hartzeko prest, Aitzuri desagertu egingo da".
[Aitzuri Abesbatzaren 30 urteko ibilbidea, iruditan]