Bi aste barru hasiko dira 2024ko San Roke jaiak eta udala dagoeneko hasita dago jaiei buruzko xehetasunen bat edo beste ematen. Aurreko astean, adibidez, kartel lehiaketako irabazlea ezagutarazi zuten, eta oraingoan jaiei hasiera ematen dien suziria nork jaurtiko duen iragarri dute. Azaldu dutenez, Aitzuri Abesbatzak abuztuaren 14an botako duen txapliguak emango die hasiera ofizialki jaiei.
Abesbatzak 30 urte bete ditu aurten eta, horiek hala, Debako herriak eskerrak eman nahi dizkio abesbatzari "urte hauetan guztietan herriari egindako kultur ekarpenari" aitortza eginez. Udalak nabarmendu duenez, "Aitzurik ekarpen handia egin dio eta egiten dio gaur egun ere herriari, Deba kulturalki bizirik dagoen herria izan dadin bere aletxoa jarriz".
Abesbatzako kideek "pozik eta ilusioz" jaso dute albistea eta emozioz betetako unea izango dela aitortu diote Berriketan-i. "Hau guztia aitortza bat da guretzat; oso eskertuta gaude".
Alazne Txurruka alkateak, bere aldetik, abesbatzak herriari "ekarpen handia" egin diola adierazi du. "Beraz, txupina abesbatzaren esku uztea merezitako errekonozimendua da urteetako lan horri guztiari eta herrian izan duen ibilbideari". Hala, Aitzuri abesbatzaren 30. urteurrena ospatzeaz gain, pregoiaren bitartez, "Debako kulturaren zein bizitzaren alde egindako ekarpenaren eta lanaren balioa azpimarratu" nahi dute.