Abiatzear da 25 kultur jarduera barnebilduko dituen Gure Giroren egitaraua; bihar (ekainak 26) egingo da lehen hitzordua, eta programazioa abuztuaren 2an amaituko da.
Marea gora zikloaren baitan antolatutako lehen hitzaldiarekin hasiko da, hain zuzen, aurtengo eskaintza. 19:00etatik aurrera, Alex Turrillas Aranzeta historiazalea gure herriak itsasoarekin izandako loturaz mintzatuko da, Itziar 1294-Deba 1343, una historia ligada al mar izenburupean egingo den solasaldian. Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak antolatutako hitzaldi sortako lehen hitzordua besterik ez da izango biharkoa. Izan ere, beste lau saio egongo dira aukeran datozen asteotan; asteazkenetan izango dira hitzaldiak (19:00etan), Kultur Elkartean.
Stand up umorezko bakarrizketak
Bestelako proposamena dakar Gure Girok ostegunerako (ekainak 27), Kultur Elkarteak euskarazko umorezko bakarrizketak hartuko baititu 20:30ean. Manex Astigarragak gidatuko ditu aurten estreinakoz antolatu dituzten Barre Giro ikuskizunak, eta lehen saio honetan Getari Etxegarai eta Asier Kortabarria ariko dira oholtzan. Stand up komediaren susperraldiaren erakusgarri izango diren beste bi ikuskizun ere izango dira aukeran datozen ostegunetan (20:30ean). Sarrerak Internet bidez eros daitezke (esteka honetan).
LGTBI+ Harrotasun Eguna
LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ostiralean (ekainak 28) Mi pequeño gran samurai dokumentala proiektatuko dute Kultur Elkartean (19:00etan). Ikus-entzunezkoak 2018an bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi trans gazte ondarrutarraren bizitza jasotzen du, eta emanaldiaren ostean solasaldia egingo da haren gurasoekin. Hitzordua biribiltzeko, Hector Aldalur musikariak emanaldi akustikoa egingo du ondoren.