Bost hitzaldik osatuko dute Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak antolatutako 'Marea Gora' zikloa

Berriketan 2024ko eka. 14a, 15:44

Ekainaren 26an eskainiko dute lehen hitzaldia eta, uztailaren 24a bitartean, asteazkenero, beste hitzordu batekin gozatzeko aukera egongo da. Iaz bezala, Kultur Elkartea izango da zikloaren egoitza.

Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolak Marea Gora hitzaldi sorta dakar aurten ere Debara, udalerriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu duten Gure Giro programazioaren baitan. Gaur (ekainak 14) aurkeztu dute egitasmoaren egitaraua eta arduradunek jakinarazi dutenez, iaz baino solasaldi bat gehiago izango da aukeran; hau da, bost saio izango dira guztira.

Aurten ere, Kultur Elkartea izango da ekainaren 26an abiatuko den zikloaren egoitza eta, uztailaren 24a bitartean, asteazkenero, 19:00etan hasita, askotariko gaiak izango dituzte hizpide ibilbide pertsonal eta profesional ezberdineko gonbidatuek. Ekainaren 26an, esaterako, gure herriak itsasoarekin izandako loturaz mintzatuko da Alex Turrillas Aranzeta historiazale debarra.

 

Uztailaren 3an, berriz, Arantxa Urretabizkaia idazlea Azken etxea liburuaz eta zahartzaroaz ariko da. Uztailaren 10erako, aldiz, Paco Etxeberria auzi mediku eta antropologoa gonbidatu dute, Madrilgo Cuelgamuros haraneko ikerketaz hitz egin dezan. Uztailaren 17an, Jesus Gutierrez historialaria ariko da jendaurrean, uda sasoia eta turismoa hizpide hartuta. Amaitzeko, uztailaren 24an, Aita Mari erreskate ontziaz jardungo dute Iñigo Mijangosek eta Amaia Iguaranek.

EGITARAUA
  • Ekainak 26. Itziar 1294 – Deba 1343. Itsasoari lotutako istorioa (gazteleraz). Hizlaria: Alex Turrillas (Amalur aldizkariaren zuzendari ohia, historia, etnografia eta haur literaturako artikulugilea).
  • Uztailak 3: Zer ikasi eta zer desikasi zahartzaroaz (euskaraz). Hizlaria: Arantxa Urretabizkaia (idazlea, poeta eta gidoilaria. Besteak beste, Euskarazko Literaturako Euskadi Saria Azken Etxeagatik. 2023).
  • Uztailak 10: Ikerketa forentsea Cuelgamuros ibarrean, oso zaila eta ezinezkoaren artean (gazteleraz). Hizlaria: Paco Etxeberria (Auzitegi-medikuntzan, antropologian eta auzitegi-biologian espezialista den medikua).
  • Uztailak 17: Udaren historia Euskadin. Deba eta turismoaren garrantzia (gazteleraz). Hizlaria: Jesús Gutiérrez (Geografia eta Historian lizentziatua. Debabarreneko historia eta kirol gaietan aditua).
  • Uztailak 24: Aita Mari, itsas salbamendu humanitarioa (gazteleraz).Hizlariak: Iñigo Mijangas eta Amaia Iguaran, (Aita Mari Itsas Salbamenduko kideak).