Ekainaren 26an Kultur Elkarteko aretoan Marea gora zikloaren baitan egingo den hitzaldi batekin hasiko da bidea egiten aurtengo egitaraua, eta abuztuaren 2an Ibil Bedi musika talde ezagunak zumardiko karpan emango duen kontzertuarekin amaituko da.
Epe tarte horretan, belaunaldi eta profil ezberdineko herritarrei zuzenduriko ekintza sorta oparoa izango da aukeran; orotara 25 jarduera egingo dira, 18 egunetan banatuta. Besteak beste, dantza ikastaroak, bisita gidatuak, hitzaldiak, dokumental emanaldia, Jazzez Blai, umeentzako Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna, eta zuzeneko blues edo pop-rock kontzertuak izango ditu egitarauak. Gainera, proposamen berriak eta nobedadeak ere izango dira aurtengo eskaintzan, hala nola Barre Giro umorezko stand up ikuskizunak edota binilo pintxada herrikoia.
Egitarauaren baitan antolatutako ekimen ugari doakoak izan arren, bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea.
Kultur Elkartea, Jazzez Blai, Zuhatza-Kolore Anitz eta Ikasten-en arteko elkarlanari esker gauzatuko da "herriko kultur eszena saretzeko helburuz" sortutako egitasmoaren laugarren edizioa. Debako Udalaren, Danobaten, Hiru Uhinak Hotelaren eta Ondargain tabernaren babesa ere badu Gure Girok.