Itziar eta Deba arteko errepidea itxita egongo da bi gauez jarraian

Berriketan 2023ko api. 13a, 11:01
Gaur (apirilak 13) eta bihar (apirilak 14) gauean zirkulazioa etenda egongo da, Donostia–Santander–A Coruña errepidearen hegala egonkortzeko premiazko lanak direla-eta.

Bi gau horietan Itziarko biribilgunearen eta Debako hirigunerako sarbidearen arteko N-634 errepidearen zatia bi noranzkoetan moztuta egongo da 22:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, Donostia-Santander-A Coruña errepidearen hegala egonkortzeko premiazko lanak direla-eta itxiko dute errepidea.

Zirkulazioa etenda egongo den bi gau horietan, Debara eta Mutrikura sartzeko, esaterako, AP-8 autobidea erabiltzea gomendatu dute. Zehazki, AP-8 autobideko 64 lotunea (Elgoibarko lotunea) edota Kalbario gainetik igarotzen den eta Sasiola eta Mutriku batzen dituen GI-3220 errepidea erabiltzea gomendatu dute.

Arriola eta Egia auzoetako bizilagunek eta auzo bideetatik irisgarriak diren beste leku batzuetako bizilagunek, bestalde, Debako Hondartza kalera eta Itziarko Ama Birjinaren begiratokira joateko baimena izango dute. Hala ere, beste bide batzuetatik ibiltzeko gomendioa egin diete. “Egia bideko pistetatik sartzea gomendatzen da, Debatik, eta Galtzada kaletik sartzea, Itziarretik”.