Debako Udalak 9.217.111 euroko aurrekontu bateratua onartu du

Berriketan 2023ko mar. 8a, 10:29
Iazkoarekin alderatuta, 300.000 euro gehiago izango dituzte udalerriaren kudeaketarako. Kopuru horretatik, zehazki, 8.905.995 euro Debako Udalera bideratuko dituzte, 1.065.500 euro Itziarko Auzo Udalera eta 643.536 euro Deba Musikal Patronatura.

Aurrekontua adosteak, baina, eztabaida eragin du udal gobernu taldearen eta oposizioaren artean. Aurrekontua abenduaren 20ko osoko bilkuran onartzea zen asmoa, baina oposizioaren ezezkoa jaso ondoren, ezin izan zen orduan onartu. Debarren Ahotsarekin aurrekontua onartzeko akordioa ahalbidetu ondoren, otsailaren 16ko ezohiko osoko bilkuran eman zioten onespena, EH Bilduren aldeko botoekin (6), Debarren Ahotsaren abstentzioarekin (4) eta EAJren aurkako botoekin (3). 2022ko aurrekontua luzatzea saihestuta, “udal jarduna normalizatu eta prozedurak azkartu” ahal izango direla azpimarratu dute udal gobernuko iturriek.

Udal gobernuko kideek nabarmendu dute helburua udal zerbitzuak “hobetzea” izango dela. Bide horretan, iaz Hirigintza Saileko langile taldean egindako inbertsio ahalegin berezia mantentzeak izan du lehentasuna. Inbertsio nagusiei dagokienean, aurrekontuaren gerakinetik egingo dituztela iragarri dute.

Besteak beste, udaltzaingoaren egoitza, Geoparkearena eta turismo bulegoa lekualdatzeko asmoa agertu dute; Simon Berasaluze Plazako 1-3 atarietara eramango dituzte urtea amaitu baino lehen. “Aurrekontuko inbertsiorik potoloena izango da; 300.000 euro inguru inbertituko ditugu. Leku aldaketa horri esker, gainera, beste bi espazio berri irabaziko ditugu. Geoparkea eta turismo bulegoa dauden lokalean, esaterako, ludoteka egiteko asmoa daukagu”. Gerakinetik, gainera, Agirre jauregiko entsegu geletan hobekuntzak egitea eta Agirretxeko ur depositua birgaitzea ere aurreikusten dute.

Kultur eta euskara sailetan, berriz, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren eraginez elkarteen diru laguntzetan egin ziren murrizketak bertan behera laga eta lehengo sailak berreskuratu dira. Horrez gain, ohiko ekintzak eta eragileekin egiten diren hitzarmenak aurreikusi dira.