Debabarrenean, EH Bilduk eskuratu ditu boto gehien

Berriketan 2023ko mai. 29a, 14:39
Deban bezala, eskualdean ere EH Bilduk eskuratu du boto gehien, bigarren indarra den EAJ-PNVk baino 1.166 boto gehiago. PSE-EE izan da hirugarren indarra 7.760 botorekin eta laugarrena, berriz, Elkarrekin, 2.302 boto jasota. Azkenik, PPk 1.457 eskuratu ditu.

Herriz herriko emaitzei erreparatuz gero, EH Bilduk lau herritan irabazi du: Deban, Mutrikun, Soraluzen eta Mendaron (azken bi horietan aurretik EAJ-PNV zegoen); EAJ-PNVk bi herritan: Mallabian eta Elgoibarren; eta, azkenik, PSE-EE izan da indarrik bozkatuena bailarako bi herri nagusietan: Ermuan eta Eibarren. 

Debabarrenean, hiru alderdi nagusiek jaso dituzte 2019an baino boto gutxiago. Guztien artean, PSE-EE izan da jaitsierarik handiena izan duena, 2.371 boto galdu baititu. EAJ-PNVk ere boto galera handia izan du 1.373 boto gutxiago jasota eta bailarako alderdirik bozkatuena izateari laga dio. 

Ondorengoak izan dira emaitzak herriz herri Debabarrenean, handienetik txikienerako hurrenkeran: 

Eibarren PSE-EEk irabazi du baina zinegotzi bat galdu du

Bailarako herri nagusian, Eibarren, PSE-EEk irabazi ditu hauteskundeak baina zinegotzi bat galdu du eta aldiz, EH Bildu bigarren indar moduan kokatu da zinegotzi bat gehiago eskuratuta. EAJ-PNV, berriz, hirugarren indarra izatera pasatu da zinegotzi kopuruari eutsita. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: PSE-EE-k 8, EH Bilduk 6, EAJ-PNVk 6 eta Elkarrekinek 1.

Ermuan PSE-EEk irabazi du baina zinegotzi bat galduta

Ermuan, PSE-EEk irabazi ditu hauteskundeak baina 2019ko hauteskundeetan baino 1.091 boto gutxiago eskuratu ditu eta zinegotzi bat galdu du. EAJ-PNVk ere zinegotzi bat galdu du eta ostera, EH Bilduk zinegotzi bat gehiago eskuratu du eta bigarren indarra izatera pasatu da. PPk gora egin du eta zinegotzi bat gehiago eskuratu du. Elkarrekinek zinegotzi kopuru berari eutsi arren, gora egin du boto kopuruan. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: PSE-EEk 6, EH Bilduk 4, EAJ-PNVk 3, Elkarrekinek 2 eta PPk 2. 

Elgoibarren EAJ-PNVk irabazi du zinegotzi kopuruari eutsita

Elgoibarren, EAJ-PNV izan da garaile baina aurreko hauteskundeetan baino 362 boto gutxiago jasota. Bigarren izan da EH Bildu, 10 boto gutxiago eskuratuta. Biek eutsi diote aurretik zuten zinegotzi kopuruari. PSE-EEk, ostera, zinegotzi bat gehiago eskuratu du eta Elkarrekinek zuen bakarra galdu du. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EAJ-PNVk 8, EH Bilduk 7 eta PSE-EEk 2. 

Deban EH Bilduk irabazi du baina EAJ-PNVk berdindu egin du zinegotzi kopuruan

Deban, EH Bildu izan da garaile 2019an baino 48 boto gutxiago eta zinegotzi kopuru bera eskuratuta, baina aldi berean EAJ-PNVk nabarmen egin du gora, hiru zinegotzi gehiago eskuratu ditu -aurretik zuen kopuruaren bikoitza- eta berdindu egin du EH Bilduren zinegotzi kopurua. Bestalde, Elkarrekinek, lehen aldiz, zinegotzia eskuratu du. Gogoratu behar da, 2019an Debarren Ahotsak 4 zinegotzi eskuratu zituela eta hauteskunde hauetan ez dela aurkeztu. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 6, EAJ-PNVk 6 eta Elkarrekinek (Orain Deba) 1. 

Mutrikun EH Bilduk irabazi du zinegotzi kopuruari eutsita

Mutrikun, EH Bildu izan da garaile, baina 2019an baino 189 boto gutxiago eskuratuta, hala ere, zinegotzi kopuruari eutsi dio. EAJ-PNV izan da bigarren indarra eta jeltzaleek ere 184 boto gutxiago jaso badituzte ere, zinegotzi kopuruari eutsi diote. Berdeak Equok zinegotzi bat eskuratu du. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 7, EAJ-PNVk 5 eta Berdeak Equok 1. 

Soraluzen EH Bilduk alkatetza berreskuratu du 

Soraluzen EH Bildu izan da garaile, zinegotzi bat gehiago eskuratuta eta hala, gehiengo osoa eta alkatetza berreskuratu du. Izan ere, EAJ-PNVk zinegotzi bat galdu du eta PSE-EEk zinegotziei eutsi dien arren, ez dute gehiengoa errepikatzeko aukerarik izango. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 6, EAJ-PNVk 3 eta PSE-EEk 2.

Mendaron EH Bilduk alkatetza berreskuratu du

Mendaron EH Bilduk irabazi du, zinegotzi kopuruari eutsiz eta horrek alkatetza ziurtatu dio. Izan ere, EAJ-PNVk zinegotzi bat galdu du eta PSE-EEk ere bai, zuen bakarra. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 5 eta EAJ-PNVk 4.   

Mallabian EAJ-PNVk irabazi du zinegotzi bat galduta

Mallabian, EAJ-PNV izan da garaile eta 113 boto galdu ondoren, jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute. EH Bilduk, berriz, 2019ko hauteskundeetan baino 22 boto gehiago eskuratu ditu eta zinegotzi bat irabazi du. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EAJ-PNVk 5 eta EH Bilduk 4.