Deba, Itziar, Zestoa eta Zumaiak herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu eta estrategia bateratuak martxan jartzeko hitzarmena onartu du udalbatzak

Aho batez onartu du udalbatzak Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziarren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena. Mugakideak dira herriok, baina udal elkarte desberdinean dago bakoitza. Herri horietan bizi diren biztanle asko eta askok lotura estua dute aldameneko herriarekin (ohiturengatik, gertutasunagatikā€¦), eta ondare-gune asko zein industriaguneak hiru udalerrien arteko muga inguruan daude, besteak beste.

Errealitatea hori izanik, eta orain arteko antolaketa-mugak gainditzeko asmoz, ekainaren bukaeran hitzarmena sinatu zuten Zumaiako, Zestoako, Debako eta Itziarko Auzo Udaleko alkateek. Haren baitan, koordinazio eta antolaketarako gune iraunkorra jarriko dute martxan, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu, eta estrategia bateratuak martxan jartzeko.

Hitzarmeneko lau lan-lerro nagusiak

  • Herritarren zerbitzua: hiru udalerrien arteko muga inguruetan bizi diren herritarrengan, hainbat zerbitzuren (bideak, hondakinak, ura…) banaketan arazoak eta deskoordinazioak hobetu nahi dituzte.
  • Sozioekonomia: ildo honetan, industriaguneetako esku-hartzeak, bertako turismo eredua eta merkataritza suspertzeko neurriak zehaztu eta garatuko dituzte.
  • Ingurumena: kostaldeko korridore ekologikoak hiru udalerriak ukitzen dituenez, gainontzeko eragileekin batera larrialdi klimatikoari aurre egin, eta lurraldea zaindu zein baso politika egokia garatzea dira lehentasunak.
  • Kultura eta ondarea: hiru udalerrien muga inguruan dagoen ondarea babestu, ikertu eta ezagutzera emateko proiektuak sustatuko dituzte (Zumaiako zementugintza edota Ekaingo haitzuloak, besteak beste), baita mugarrien berreskurapenerako eta horiek ezagutzeko dinamikak ere. Gainera, mugakideak diren populazio-guneen kultur eta festa jardueretarako diru-laguntza irizpide bateratuak zehaztuko dituzte. Kultur eta festa arloan, herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen elkartrukea egingo dute. Azkenik, kirol arloan egitasmo komunak landuko dituzte.

Jadarreko mugarrianĀ eman zuten ekainean hitzarmenaren berri, hain justu, Zumaia, Deba eta Zestoako udalerriek bat egiten duten lekuan. Orain arte erorita egon da mugarria, eta berriro ere bere lekuan jarri ondotik egin zuten agerraldia. Hitzarmenaren baitan, inguruko mugarriak berreskuratu eta horiek ezagutzera emateko dinamikak martxan jartzea ere adostu zuten.