GUTUNA

"Debako liburutegia: aukera berriak, erronka berriak"

Erabiltzailearen aurpegia Liburutegia Denontzat Taldea 2024ko mai. 23a, 08:00

Liburutegia Denontzat Taldeak gutuna igorri du Berriketan aldizkarira. Hona hemen idatzia:

XXI. mendeko liburutegiei aukera berriak ireki zaizkie. Egungo liburutegi eredua liburu-gordailu hutsa baino gehiago da. Liburutegien Lankidetzarako Kontseiluak (CCB) idatzi ditu haur eta gazteen liburutegi-zerbitzuek izan beharreko jarraibideak, eta liburutegietan irakurzaletasuna bultzatzeko jarduerak antolatzea sustatzen du: "ipuinaren ordua, ipuin kontalarien maratoiak, tailerrak eta jarduera praktikoak...”. Umeei zuzendutako ekintzak liburutegian antolatzeak, bada, ez du liburutegia ludoteka bihurtzen. Liburutegi izaten jarraitzen du.

Liburutegian ipuin ilustrazio tailerra antolatzeko proposamena egin diogu udalari, ekintza antolatzeaz Liburutegia Denontzat Taldea arduratuko litzatekeela azalduz, eta kostuen kargu eginez; baina, momentuz, ateak itxi zaizkigu, liburutegiko estoreak edo gortinak itxi egin dira. XXI. mendeko liburutegiak eskaintzen dituen aukera eta erronka berriei helduko al die Debako liburutegiak?

Ez dugu ludoteka nahi liburutegian, ezta Txiki Txoko edo antzekorik ere. Liburutegian tailerrak antolatzeak ez du liburutegia ludoteka bihurtzen. Umeek liburutegia erabiltzea nahi dugu, gainerako erabiltzaileek erabiltzen duten bezala: irakurketarako, lanak egiteko, marrazteko, bideoak ikusteko edota denbora-pasak egiteko, esaterako.

Haurren irakurketa-ohiturak txikitatik sortzea eta sendotzea da IFLA/UNESCOk liburutegi publikoari buruz egindako manifestuan jasotako funtsezko misioetako bat.

(Irakurri artikulu osoa HEMEN)