Haurren irakurketa-ohiturak lehen urteetatik sortzea eta sendotzea da IFLA/UNESCOk liburutegi publikoari buruz egindako manifestuan jasotako funtsezko misioetako bat.
Haur gehienek irakurtzen jakin aurretik dituzte liburuak eskura. Umeek liburuekin bat egiteko dituzten bideak askotarikoak dira, hala nola, irakurketa partekatuaren bidez, jolas sinbolikoaren bitartez edota obra grafikoen erabilerarekin (Michel Desmurget, 2024). Beraz, umeek espazioa, denbora eta jarduerak behar dituzte liburuez gozatzeko, baita Debako umeek ere. Debako 0-2 urteko umeek ere liburutegian egoteko aukera izan behar dute liburuen munduan murgiltzen hasteko, etorkizuneko irakurle izateko. Euskadiko liburutegiei buruzko legeak ere, 11/2007an, liburutegiko zerbitzuak herritar guztientzat irekita egongo direla zehazten du.
XXI.mendeko liburutegiei aukera berriak ireki zaizkie. Liburutegiei buruzko Kultura eta Kirol Ministerioaren definizioaren arabera, liburutegi publikoa hausnarketarako, eztabaidarako eta adierazpen-askatasunaren garapenerako topagunea da. Horrela azaltzen zuen Gonzalo Oyarzunek ere Liburutegi imajinatua liburuan. Egungo liburutegi eredua liburu-gordailu hutsa baino gehiago da, informazioa aurkitzeko gune baino gehiago da.
Are gehiago, CCBk –Consejo de Cooperación Bibliotecariak-, idatzi ditu haur eta gazteen liburutegi-zerbitzuek izan beharreko jarraibideak, eta liburutegietan irakurzaletasuna bultzatzeko jarduerak antolatzea bultzatzen du: “ipuinaren ordua, ipuin kontalarien maratoiak, liburuak edo aldizkako argitalpenak idazteko, ilustratzeko eta editatzeko jarduera praktikoak, lehiaketak, irakurketa-tailerrak, egileekin eta ilustratzaileekin topaketak”. Umeentzat zuzendutako jarduerak liburutegian antolatzeak, bada, ez du liburutegia ludoteka bihurtzen. Liburutegi izaten jarraitzen du.
Liburutegia Denontzat taldeak Liburuaren Eguna igaro ostean aurkeztu zion Udalari liburutegian ipuin ilustrazio-tailerra antolatzeko proposamena. Herriko umeengan irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, lehen pausua Liburuaren egunean eman genuen: eskulan tailerra eta ipuin kontaketa antolatu genituen herriko plazan. Topaketa arrakastatsua eta aberasgarria izan zen, eta zenbait beharren adierazle, era berean:
Batetik, baieztatu zen behar dutela espazioa umeek eta euren zaintzaileek liburu artean murgiltzeko. Adierazgarria izan zen bertaratu zen haur eta familia kopurua; eta aipagarria, bereziki, 0-2 urteko umeena eta euren familiena.
Bestetik, liburutegiak umeentzat antolaturiko ekintza edo tailerren hutsuneaz jabetu ginen, eta horien beharra ere badagoela umeak liburuetara hurbiltzeko. Horregatik aurkeztu genion Udalari ipuin ilustrazio-tailerra liburutegian egiteko proposamena pasa den hilaren amaieran. Jakitun izanda aurretiko lanketa eskatzen duela Liburutegiak jarduerak antolatzeak, gure gain hartzeko borondatea izan dugu, eta tailerra Liburutegia Denontzat Taldeak antolatzea proposatu da sor daitezkeen kostuak geure eginez.
Momentuz, baina, ateak itxi zaizkigu, liburutegiko estoreak edo gortinak itxi egin dira, XXI. mendeko liburutegiak eskaintzen dituen aukera eta erronka berriei helduko al die Debako liburutegiak?
Ez dugu ludoteka nahi liburutegian, ezta Txiki Txoko, Txiki Parkea edo antzekorik ere. Umeek liburutegia erabiltzea nahi dugu erabiltzaile gazte, heldu eta adinekoek erabiltzen duten bezala: irakurketarako, lanak egiteko, idazteko, marrazteko, bideoak ikusteko, denbora-pasak egiteko edota musika entzuteko, esaterako.