Hilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziorako giroa berotzeko asmoz, Deba eta Itziarko Gure Eskuk argazki bateratua atera zuen atzo (ekainak 1) Debako Plaza Zaharrean. Izan ere, Herri libre bat lelopean, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazio nazionala antolatu du Gure Esku plataformak egun horretarako.
Hasiera batean, atzoko ekitaldia Santa Katalinan egitea aurreikusita zegoen, baina eguraldi txarraren ondorioz, Debako Plaza Zaharrean egitea erabaki zuten herriko batzordeko kideek.
Debako eta Itziarko eragile zein herritar ugari elkartu ziren 12:00etan hasi zen ekitaldian. Irakurketa bat egin zuten, txalapartaren laguntzarekin, eta ondoren, Bilboko manifestaziorako deialdia egiteko herri argazkia atera zuten iturri ondoan. Jarraian, kalejira egin zuten eta ekintza plazan amaitu zuten, jan-edan giroan.
Gogorarazi dutenez, manifestazioa ekainaren 7an 17:30ean abiatuko da La Casillatik, eta Debatik eta Itziartik autobusak antolatu dira Bilbora joateko. Oraindik ere zerrendak zabalik daudela azaldu dute. Izena emateko Debako Ieraenea ekodendara eta Arrano Elkartera jo daiteke, baita Itziarko Bikain jatetxera eta Burugorrira ere. Ekainaren 5a da izena emateko azken eguna.