Herriko saltokietan, tabernetan eta Kultur Elkartean dagoeneko ikusgai dago Goaz taldearen 50 urteotako ibilbidearen errepaso gisa prestatu duten erakusketa. Bertan, kartelak, argazkiak, jantziak... bildu dituzte.
Halaber, aste honetan beste hainbat ekimen egingo dituzte urtemuga borobila ospatze aldera. Lehenengo lau egunetan, proiekzioak izango dira Kultur Elkartean (18: 30ean); taldeak bere ibilbidean taularatu dituen antzezlanen emanaldiak (zuzenekoen grabazioak) ikusteko aukera izango da. Hamarkada bakoitzeko obra bat berreskuratu dute: gaur (azaroak 11), Gernika (1982) proiektatuko dute eta solasaldia izango da gero Luis Haranburu Altuna antzezlanaren idazlearekin; bihar (azaroak 12), Pernando bizirik hago oraindio (1992) izango da ikusgai, Xabier Mendiguren idazlea bertan dela; hilaren 13rako, Kanika Zuri Beltzak (2006) lana hautatu dute, eta Goizane Aizpurua idazle debarra gonbidatu dute solasaldira; eta, hilaren 14an, berriz, Erika Olaizolak idatzitako Badator (2021) obraren emanaldia ekarriko dute gogora.
Bestalde, urtemugaren harira grabatu duten 50 urte... eta baGOAZ dokumentala aurkeztuko dute ostiralean, azaroaren 15ean (Kultur Elkartean, 18:30ean); taldearen ibilbidea eta historia azaltzen du Jon Amutxastegik eta Aroa Fernandezek ekoitzitako ikus-entzunezkoak eta Goazekin harreman zuzena izan zuten edo duten kideek parte hartu dute bertan.
Egitaraua borobiltzeko, larunbatean (azaroak 16) antzerki poteoa egingo dute 12:30etik aurrera. Eta, ondoren, bazkaria egingo dute Ozio Bide elkartean.
HEMEN ikus dezakezue egitarau osoa.