Goaz Antzerki Taldea 1974ko udazkenean sortu zen. Garai hartan Deban indartsu zebilen Gazteen Elkarteari zor dio bere jaiotza, eta Iñaki Lete zenari bere izena.
Euskarazko antzerkia egiteko gogoz zeuden gazte batzuek ilusioz ekin zioten lanari, eta urte haietan etorri berria zen Lukax Dorronsorok hartu zituen bere gain zuzendari lanak. "Lukaxek proposamena onartu zuen eta orduan hasi ziren bilerak egiten eta abar. Tartean ziren, sorreran, Mila Idiakez, Gillermo Urkiza, Martin Idiakez, Kurutz Sorazu... Gero, taldera batzeko jendea bilatzea izan zen kontua", oroitzen du Karlos Larramendik. 1979az geroztik da Goaz-kide; antzezle lanetan ere ibili zen hasieran, baina argiztapenaz arduratzen da azken urte luzeotan, eta antolakuntzako kide ere bada.
Taldea sortu eta hilabete gutxira, 1975ean, lehenbiziko antzezlana aurkeztu zuen Goazek (Piarres Larzabalen Senperen gertatua). Zerrenda luze baten hasiera baino ez zen izan, ordea, harrezkero 30 antzezlan taularatu baititu, gaur-gaurkoz, bere ibilbidean.
1986an antolatu zuten lehenengo Antzerki Astea, eta ordutik euskal antzerkiaren erakusleiho eta erreferentzietako bat da
Atzera begira jarri eta orain arte egindakoaz hitz egitean, hasierako ezaugarriei eta helburuei eutsi dietela uste du Larramendik. "Helburua antzerkia egitea zen, baina euskara bultzatzea ere bai. Euskara makal zegoen Deban, eta hizkuntza suspertzeko zerbait egin behar zen. Bestalde, taldea finkatu zenean, argi ikusi genuen amateurrak izango ginela. Guretzat, amateurra izatea herriko talde bat izatea da, printzipioz eta jarreraz, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu; bestela, gutako asko aspalditik profesional mundura pasata egongo ginateke... Urteetan izan genuen eztabaida hori, baina apustua mantendu egin dugu".
Iritzi berekoa da Amaia Arotzena. 15 urterekin hasi zen antzerkian, Gozatuz ikastaroan, eta hiruzpalau urte beranduago (2019an) batu zen Goazera. Ordundik, taldeko antzezlea, antolakuntzako kidea eta diruzaina ere bada. "Antzerki amateurraren aldeko borroka presente dago gaur egun ere taldean, bai. Asko lantzen dugu gaia, batez ere presentzia galdu duela ikusten dugulako; udalek, elkarteek... profesionalak bilatzen dituzte beti. Dena dela, mugimendua egon badago hemendik kanpo ere. Lezon izango gara laster antzerki talde amateurren jardunaldietan eta duela gutxi Elgetan ere egon ginen, antzerki talde amateurren txapelketan", aipatu du.
Antzerki amateurra, herrigintza, elkarlana. Hiru kontzeptuak sarri mahaigaineratu dituzte taldekideek, Goazen jardunaz hausnartzean. "Herriko beste edozein elkartek edo eragilek laguntza behar badu, taldea beti dago laguntzeko prest. Gure ekintzak egiteaz gain, besteen egitarauetan ere parte hartzen saiatzen gara beti. Estatutuetan ere hala daukagu jasota".
Mugarriak
Bost hamarkadako ibilbidean hainbat mugarri izan ditu Goazek. Garrantzitsuenen artean daude, nola ez, Antzerki Asteak. 1986an antolatu zuten lehenengoa, eta ordutik euskal antzerkiaren erakusleiho eta erreferentzietako bat da. Ehunka konpainia (amateurrak nagusiki, baina profesionalak ere tartean) eta beste hainbeste obra pasa dira Debatik. "37. edizioa izan dugu aurten, ez da broma!", dio Larramendik.
"Taldetik 120 bat lagun pasa gara guztira... Eta batzuetan 23 kide izan gara, eta lau baino ez beste batzuetan"
Ezin aipatu gabe laga, bestalde, bidean egin dituzten omenaldiak ere: Alfonso Sastre, Tene Mujika, Piarres Larzabal, Manuel Lekuona, Antonio Maria Labaien, Nemesio Etxaniz, Marzelino Soroa, Peli Markiegi eta Martin Idiakez ageri dira zerrendan. Halaber, Goazen "oso garrantzitsuak" izan diren Luis Mari Agirrezabalak eta Txotxe-k (Joxe Martin Urrutia) ere jaso dute Goazen aitortza.
Taldearen historian aro ezberdinak eta "gorabehera handiak" izan dira. Garaiak aldatu dira eta egiteko moduak ere bai. Aldaketak egon dira osaeran, antolatzeko moduan, antzerkigintza ulertzeko eran, agertokietan, programazioan... eta, nahitaez, unean uneko egoerara egokituz eta eguneratuz joan dira.
"Taldetik 120 bat lagun pasa gara guztira... Eta batzuetan 23 kide izan gara, eta lau baino ez beste batzuetan", dio Larramendik. Bestelako egoera eta ezbehar batzuk tarteko, "Goaz hilzorian egon izan dela" ere erantsi du. Baina, zailtasunak zailtasun, lortu dute aurrera egitea eta azken urteotan indartu egin da taldea.
Horretan eragina izan dute, adibidez, Gozatuz programaren baitako ikastaroek eta Erika Olaizola aktore eta zuzendariaren gidaritzapean egindako jarduerek. "Erika lau urtez izan dugu zuzendari eta oso urte garrantzitsuak izan dira taldearentzat, birsortze bat egon delako", laburbildu du Arotzenak. "Baina, aldi berean, bideari guk bakarrik jarraitu behar geniola ere ikusi genuen. Orain ez daukagu zuzendari rol hori jokatzen duen inor, baina ideala litzateke zeregin hori taldeko norbaitek bere gain hartzea. Gure ustez, beharrezkoa da obra bat aurrera ateratzeko orduan erabakiak hartuko dituen norbait egotea taldean. Inportantea da lidergo hori egotea, modu horizontalean bada ere".
Erronkak
Bestelako erronkarik ere badute. Lehen urteak udalak lagatako bi lokaletan (egun anbulategia eta Hiru Uhinak hotela dauden tokian) eta Josu Iriondoren aroztegian egin zituen Goazek, eta espazio propioa erosi zuen gero Osion. Pauso garrantzitsua izan zen, baina emanaldiak bertan egin ahal izateko "mugak" ditu aretoak: "Ez da espazio egokia, ez da irisgarria, txikia da... Gainera, mantentze gastu handiak ditugu eta diru hori lortu beharra dago urtero. Beharrezkoa da herriko talde guztientzat areto eta azpiegitura egokiak izatea. Hori ere bada gure betiko borroka eta erronketako bat".
"Beharrezkoa da herriko talde guztientzat areto eta azpiegitura egokiak izatea. Hori ere bada gure betiko borroka eta erronketako bat"
Uneotan 11-12 lagun dabiltza taldean, antolakuntzan edota eskuen artean duten antzezlanean parte hartzen. Iaz estreinatutako Lotura basatiak obraren emanaldiekin jarraitzen dute, eta urtarrilean beste sorkuntza lan bati ekitekotan direla aurreratu dute. Ezin esan, hortaz, geldi daudenik, kontuan hartuta urtero Antzerki Astea eta bi urtean behin Fokupean festibala ere antolatzen dutela.
Aurrera begira
Aurrera jarraitzeko, baina, erreleboa hartuko duen jende gaztea ere beharko lukete. "Gazte dezente dabiltza antzerkian, baina nerabezaroan laga egiten dute. Egia da konpromisoa hartu behar dela, baina ondo pasatzen dugu taldean. Eta, bestalde, Goazen parte hartzeko modu asko daude, aktore lanak egin gabe ere; horren adibide garbia da Karlos", aipatu du Arotzenak.
Baikor ikusten dute etorkizuna. Larramendiren esanetan, "orain arte antzerkia beti egin izan dugu idatzitako obrekin, eta orain sormenetik goaz. Nire ustez, hori da azken urteotako aldaketa garrantzitsuenetako bat. Erronka handia da, baina bide horretatik ondo joanez gero, Goazek beste 150 urtean bizirik jarraituko duela iruditzen zait". Ildo beretik mintzatu da Arotzena: "Deban kristoren indarra dago, sortzaile pila bat daude gauzak egiteko prest. Hurrengo 50 urteetan Goaz bizirik egongo den? Ba ez dakit, baina beste 10 urtean bai behintzat".
Behin honaino iritsita... urrezko ezteiak ospatzeko prest daude taldekideak. Azaroaren 11tik 16ra bitarteko egitaraua iragarri dute.