Inoiz baino produktu gehiago banatuko ditu Errigorak

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko api. 8a, 10:35

Nabarmendu dutenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egin du gora eskariak: guztira 145.500 litro olio eta 30.700 produktu sorta baino gehiago banatuko dituzte, herritarrek egindako 10.700 eskaerei erantzunez. Deban ez ezik, Itziarren ere produktuak jasotzeko aukera izango dute aurten herritarrek.

Gustura agertu dira Errigorako antolatzaileak aurtengo udaberriko Eskutik Eskura kanpainaren balorazioa egin dutenean. Izan ere, azaldu dutenez, iazko kanpainarekin alderatuz, guztira 974 eskaera gehiago jaso dituzte eta, produktuei dagokienean, 17.530 litro oliba-olio birgina estra eta 4.655 produktu sorta gehiago banatuko dituzte aurten.

"Egin duzuen hautuari esker, denontzako onuragarria den elikadura-eredu berri bat indartzen ari zarete, ekoizleak, herritarrak eta gure lurra babestea helburu duena", nabarmendu dute antolatzaileek.

Banaketa Deban eta Itziarren

Deban 51 herritarrek egin dute eskaera, produktuen truke 10.000 eurotik gorako ekarpena eginez Errigorari. Produktuak herrian bertan jaso ahal izango dira maiatzaren 7an. Data hurbildu ahala, Zuhatza Euskara Elkarteak jakinaraziko du banaketa non eta zein ordutan egingo den.

Itziarren, aldiz, zortzi herritarrek eskatu dituzte Errigoraren produktuak eta aurten, lehen aldiz, Itziarren bertan jaso ahal izango dituzte elikagaiak. Banaketa-gunea Kalebarreneko lokalean izango da maiatzaren 9an (16:00etatik 20:00etara) eta maiatzaren 10ean (10:00etatik 13:00etara). Edozein zalantza izanez gero, 638 91 77 14 telefonora deitu edo idatz daiteke.