Aurtengo Gabonetan, Debako Errege Kabalgataren antolakuntza taldetik ekintza desberdinak egin ditugu, familiei Gabonetarako plan alai eta entretenigarriak eskaintzeko eta herritarrak ekimenean parte hartzera animatzera bultzatzeko.
Abenduaren 27tik urtarrilaren 3ra bitartean, Errege Magoen hiru postontziak jarri genituen elizako atarian, umeek beren eskutitzak bertan sartzeko. Horien ondoan, photocall bat jarri genuen, haurrek, familiek eta lagunek argazki dibertigarri bat ateratzeko aukera izan zezaten.
Abenduaren 29an eta urtarrilaren 2an, gabonetako apaingarriak egiteko eskulan tailerrak antolatu genituen Kultur Elkarteko liburutegian, umeentzat eta helduentzat. Egindako apaingarriak Kabalgatan ikusgai izan ziren hiru karroak apaintzeko erabili genituen.
Urtarrilaren 5ean Erregeak Debara iritsi ziren itsasontziz porturaino. Umeak agurtu eta gozokiak banatzeaz gain, kaleak musikaz, argiz eta alaitasunez bete ziren.
Hau guztia posible izan dadin, ezinbestekoa izan da herritarren parte-hartzea eta laguntza. Antolakuntza taldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu ekimena aurrera ateratzeko lanetan era batera edo bestera lagundu gaituzuen guztioi: Debako Udalari eta brigadari, Kultur Elkarteari, Debalai komertzio eta ostalaritza elkarteari, Debako Musika Bandari, Kulunkako dantzariei eta Josu Iriondo arotzari. Eta, nola ez, Kabalgatako apaingarriak prestatzen, kaleak zaintzen, paje lanak egiten eta Erregeei laguntzen, umeak antolatzen eta dena jasotzen lagundu gintuzten guztiei. Denon parte-hartzerik gabe, ezinezkoa litzateke hau aurrera eramatea.