Itsasontziz iritsi ziren Errege Magoak Debara

Berriketan 2025ko urt. 7a, 10:58

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Deban izan ziren igande (urtarrilak 5) iluntzean.

Azken urteotan ohitura den bezala, itsasontzian iritsi ziren Errege Magoak Debara. Portuan lehorreratu ziren eta handik argiz, kolorez eta musikaz betetako desfilea eskaini zuten. Portuan zain zuten jendetzaren artean hasi zuten kabalgata eta herriko hainbat kale gurutzatu zituzten.

Foruen Plazara heltzerakoan elkartu ziren Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta, ohiturari jarraituz, Gurutze kalean jarritako jaiotza bisitatu eta Jesus haurtxoa gurtzeko tartea ere hartu zuten. Ondoren, udaletxera abiatu ziren eta hango balkoitik herritarrak agurtu zituzten, baita Gabonetako II. balkoi, leiho eta fatxada lehiaketako irabazleak iragarri eta haiei sariak eman ere.

Hona hemen sarituen izenak:

  • Lehen saria (200 euro): Lourdes Abarrategi Acha.
  • Bigarren saria (150 euro): Garbiñe Zarranz Galdeano.
  • Hirugarren saria (100 euro): Jagoba Uranga – Maitane Basurto.
  • Laugarren saria (50 euro): Jose Antonio Rico Mateos.

Ekitaldia amaitzeko, haurrei harrera egin zieten udaletxe azpiko arkupeetan. Bertaratu zirenek Errege Magoekin minutu batzuk hitz egiteko eta argazkiak ateratzeko aukera izan zuten.