Urriaren 30eko udalbatzarrean jazotakoak ez zigun inori gorputz onik utzi, baina egoerak egoera aurrera egin beharra dagoela jakitun gara. Gure taldeak argudio ugari mahaigaineratu zituen prozeduran izan diren irregulartasunak eta opakotasuna agerian uzteko, baina Alkateak gure ekarpenei muzin egin eta aurrera jotzea erabaki zuen.
Horiek horrela, udal gobernuak oraindik erantzuteko dituen hainbat galderari idatzizko erantzuna emateko eskatu dugu berriro. Idazkaritzako zein kontu-hartzailetzako txostenak ere eskatu ditugu prozeduren inguruko argipenak jasotzeko asmoz. Horrez gain, azaroaren 6an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiak dio urriaren 30eko udalbatzarrean onartutako kreditu aldaketa foru arauak dionari jarraiki egin dela. EH Bilduk zegokion prozedura ez zela bete iritzi du eta horregatik erreklamazioa aurkeztu du.
Udalbatzarrean adierazi genuen bezala, EH Bildu kulturaren eta kulturgune baten alde dago, baina gauzak ondo egin behar direla uste dugu. Zubeltzu zinemaren erosketaren aurka ez gaudela berretsi nahi dugu, erabakiak presaka eta opakotasunez egitearen aurka baizik. Har zitekeen erabaki berbera prozedurak ongi betez, informazioa partekatuz eta gardentasunez. Gainera ulergaitza iruditzen zaigu kultur eragileen eskaeraren aurrean erakutsitako jarrera. Gure aburuz, horrelako erabaki bat hartzeko eragileekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da, eta eragileekin behin biltzea eta udal gobernuaren asmoak azaltzea ez da elkarlana.
Udal gobernuaren prozedurak kudeaketa txarra eta opakotasuna utzi ditu agerian. Gainera, ezberdin pentsatzen dutenekiko hitz txarrak kaleratu dituzte. Udal gobernuaren ordezkariak dotoreago aritu eta administrazioak eskatzen dituen prozedurak betez lan egin behar dutela pentsatzen dugu.
Erosketa hau onartzeko prozeduraz eta formez haratago, ezarritako preziora heltzeko bideaz aipamen bat bera ere ez du egin udal gobernuak. Argudio bakarra tasazioa eta frogatu gabeko dirulaguntza izan dira. Negoziaketa zein terminotan eman den ere ez dute azaldu. Debako Udalak 1.100.000€an itxi zuen akordioa zinema erosteko (690m²). Inguruko bi udalek antzeko erosketen berri eman dute azken hilabetetan: irailean Azpeitiako udalak Sierben komentua erosi zuen 2.000.000€an (1.444m² komentua eta 8.291m² berdegunea); eta urrian Arrasateko udalak San Frantzisko eliza erosteko akordioa itxi du 371.000€an (1.585m²).
Azken udal aldizkarian udal gobernuak hala dio: “kudeaketa gertutasunean, erantzukizunean eta gardentasunean oinarritu da”. Hitz politoi “rodilloaren” politika eta harrokeria gailendu zaiela uste dugu. Gure partetik, ekarpena egiten jarraituko dugu hartzen diren erabakietan herritar zein eragileen iritziak ere kontuan har daitezen.