Zubeltzu zinema hizpide: EH Bildu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba 2025ko urr. 30a, 09:38

Albiste onak eman nahi izatea desiragarria da denontzat, baina albisteen atzean dagoen edukiari kasu egin behar zaio. Zubeltzu zinema erosteko albistea aparta izan zitekeen lanketa partekatu baten ondorio balitz, prozesu gardena izan balitz eta dagokion prozedura jarraitu izan balu. Baina horretaz guztiaz ezer gutxi dakigu.

Herritar, eragile eta gobernuan ez gauden kideontzat korrika eta presaka egindako prozesua izan da hau: lau minutuko bileran zinema erosteko intentzioa adierazi ziguten, eta ordubete beranduago publiko egin. Zegokion batzorderako, ordea, ez zuten dokumentaziorik erantsi, gure iritzia emateko gaitasuna kamustuz. Bi urtetan ez da lan bilera bakarra izan kulturguneaz aritzeko, eta orain, hilabete batean, azken hamarkadako inbertsio handiena egin nahi dute balizko proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa mahaigaineratu gabe.

Galdera sorta zehatza luzatu genien urriaren 20ko batzordean eta erantzunak idatziz jasotzea eskatu genuen. Izan ere, presaka aritzeaz gain, prozeduran akatsak egon daitezkeela uste dugu. Gainera, udal idazkaria udaletxean egon ez den hilabetean abiatu dute prozedura. 

Debako Udalak kultur eragileen eta herritarren lanari aitortza eta errespetua zor die eta informazioarekin garden jokatu behar du.