Tentsio eremu izendatzeko prozedura abiatzea zentzuzkoa dela uste du Debako EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba

Pasa den osteguneko Osoko Bilkuran aurkeztu zuen mozioa, baina udal gobernuko bi taldeek aurka bozkatu zuten.

Debako EH Bilduk Osoko Bilkuraren osteko eta hartutako erabakiaren inguruko bere irakurketa partekatu du:

Gure udalerria tentsio eremu izendatzeko prozedura hastea, bizi dugun errealitateari irtenbidea emateko oinarrizko urratsa dela uste du Debako EH Bilduk. Izan ere, izendapena gauzatuz gero:

  • Prezioei muga jarri eta erregulatu litezke.
  • Etxe hutsak merkaturatzeko neurriak hartu.
  • Etxebizitza turistikoak erregulatu litezke.

Pasa den osteguneko Osoko Bilkuran aurkeztu genuen mozio proposamena elkarrekin bide honi ekiteko aukera izan zen. Hain zuzen, oinarrizko prozedura bati hasiera ematea proposatu genuelako, kutsu alderdikoitik haratago.

Hala ere, udal gobernuak proposamenaren aurka bozkatzeko erabilitako argudioa etsigarria iruditu zaigu: udalerria tentsio eremu izendatua izateko baldintzetako bat besterik ez zuela betetzen nabarmendu zuen. Zentzu horretan, gaizki ulertuak ekiditeko asmoz, jakinarazi nahi dugu prozedurari hasiera emateko nahikoa dela baldintzetako bat betetzea. Gure buruari egiten diogun galdera honakoa da: zer gehiago behar du udal gobernuak lanean jartzeko?

Ikusi dugunez, udal gobernuko kideak deseroso daude gai hau plazaratu izanarekin, baina are deserosoagoa eta larriagoa da egun etxebizitzaren alorrean bizi dugun egoera.

Deba udalerri tentsionatu izendatzea zentzuzkoa da, has gaitezen prozedura honekin lehenbailehen.