Deba eremu tentsionatu izendatzeko prozedura hasteko eskatzen duen mozioa aurkeztu du Debako EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba

Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azken txostenaren arabera, Deba eremu tentsionagarria izendatua izan da. Prozedura hori lehenbailehen hasteko eskatu du EH Bilduk, bihar egingo den Osoko Bilkurarako aurkeztu duen mozioaren bitartez.

Jarraian Debako EH Bilduk aurkeztutako mozioa:

BIZITEGI-MERKATUKO TENTSIO EREMU IZENDATZEKO PROZEDURARI HASIERA EMATEA

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak 2025eko apirilean argitaratutako txostenean maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak tentsio eremu bat izendatzeko proposatzen dituen adierazleei dagokienez EAEko udalerriek duten egoera eguneratua jaso du. Txosten hau Eustaten azken datu ofizialetatik eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren datuetatik abiatuta egin da.

Tentsio eremu izendatzeko irizpideei dagokionez, txostena legeak proposatzen dituen irizpideetan oinarritu da, hauek hiru izanik:

  1. Irizpidea: alokairuaren prezioaren igoera azken 5 urteetan > KPI + 3 puntu:
    • a. Batez besteko alokairu errenta, udalerriaren arabera eta Euskadiko KPIa erabili dira adierazle gisa.
  2. Irizpidea: salerosketaren prezioaren igoera azken 5 urteetan > KPI + 3 puntu:
    • a. Udalerri bakoitzeko salerosketen prezioa eta Euskadiko KPIa erabili dira adierazle gisa.
  3. Irizpidea: etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa > % 30:
    • a. Alokairuan dauden familien ahalegin ekonomikoa kalkulatzeko formula honakoa da: alokairu-errenta + hornigaien gastuak > familiaren diru- sarreren %30.
    • b. Erabilitako adierazleak: familien bataz besteko errenta erabilgarria,
      udalerriaren arabera; bataz besteko alokairu-errenta, udalerriaren
      arabera; etxeko oinarrizko hornigaien gastuak.

Txostenak horrela jasotzen du Gipuzkoari dagokion atalean: “1.1 irizpidearen bidez. Alokairuaren prezioa igotzea informazio estatistikoa dagoen azken 5 urteetan. Tentsio handiko eremu gisa sailkatuta daude Bergara, Deba, Getaria, Hondarribia, Orio, Soraluze eta Tolosa udalerriak”.

Goian azaldutakoa eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako “EAEn etxebizitzari buruzko estatuko legearen 18.artikuluan aurreikusitakoa betetzeko protokoloa, bizitegi-merkatuko tentsio eremuak izendatzea arautzen duena” kontuan izanik, gure udalerria tentsio eremu izendatua izan dadin prozedura abiatzeko aukera baliatu behar dugu. Horretarako, EAEn eremu bat bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko protokolo proposamena jarraitzea da bide zuzena.

Horrenbestez, Debako Udalak adosten du:

  1. Deba udalerria bizitegi-merkatuko tentsio eremu izendatzeko prozedurari hasiera emango diola lehentasunez.
  2. Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailarekin elkarlanean, prozedura hasteko honako pausoak emango dituela:
    • a. Prozedura hasteko eskaera egitea, dagozkion agiriekin batera.
    • b. Eusko Jaurlaritzan etxebizitza arloko eskumena duen sailari, eskatzen duen, informazio gehigarria helaraztea.