Martxoaren 30etik erabat itxita dago Deba eta Itziar arteko N-634 errepidea, lurraren ezegonkortasun arazoak direla eta. Egoera honek gure udalerriak duen mugikortasun ereduaren gabeziak agerian jarri eta areagotu ditu: kotxe pribatuan oinarritutako eredua da gurea, eta garraio publikoan egin beharreko hobekuntzak gauzatzeko erritmo motelegia daramagu.
Autobus zerbitzuari dagokionez, ordutegia egoera berrira egokitu zedin eskatu zuen herritar talde batek errepidea itxi eta hilabetera, udalak eta aldundiak ez baitzuten hori kontuan eduki. Herritar taldeak salatzen zuenez “herri txikietan bizi garenok gara kaltetuenak; eta batez ere adineko jendea eta gazteak, kotxerik ez duten herritarrak”.
Trenari dagokionez, aspaldiko eskaera da maiztasuna eta zerbitzua hobetzearena, baina ezezko erantzunak etengabe jaso dituena:
- 2022ko abenduan herritar talde batek “Euskotren 30 minuturo” plataforma osatu zuen. 2023ko uztailean 5.676 sinadura lortuta, eta Debabarrenako hainbat udalen babesa jasota, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailera helarazi zuten eskaera.
- 2023ko urriaren 3an Eusko Jaurlaritzako Lurralde-plangintza, Etxebizitza eta Garraio batzordean EH Bilduren proposamenaren aurka bozkatu zuten EAJk eta PSEk.
- 2023ko urriaren 18an Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mugikortasun batzordean landu zen proposamena, baina ez zen onartua izan EAJk, PSEk eta PPk beste testu bat onartu zutelako eta Podemosek abstentziora jo zuelako.
- 2023ko urriaren 26an Debako Udalean Donostia-Zumaia tren linea Debaraino luzatzea proposatu genuen mozio bidez. EH Bilduren aldeko 6 bozkekin onartu zen mozioa, EAJk eta Orain Debak abstentziora jo zuten.
Azken hilabeteotako egoera kontuan izanik, eta epe luzeko irtenbide iraunkorrak bilatzeko asmoz, EH Bilduk “Debako herriaren mugikortasun arazoei konponbideak bilatzeari buruzko” legez besteko proposamena erregistratu du Legebiltzarrean. Laburbilduz, hauxe da egin dugun eskaera:
- Jaurlaritzari eskatzen dio Euskotrenek Gipuzkoako kostaldeko E1 linean ematen duen zerbitzua hobetu dezala:
- Tren zerbitzuak, urte osokoak zein aldian aldikoak, Debaraino luzatuz.
- 30 minutuko maiztasuna ezarriz aste osoan eta urte osoan.
- Altzolako saihesbidearen proiektua aurreikusitako epean amaitu dezala, eta ondoren Deba eta Elgoibar arteko maiztasuna 30 minutukoa izan dadila herritarren mugikortasun aukerak hobetzeko helburuarekin.
Nahi duenak eskuragarri du legez besteko proposamenaren dokumentua esteka honetan: