Deba tentsio eremu izendatzearen inguruko EH Bilduren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba 2025ko mai. 9a, 11:32

EH Bilduk izendapen honen gauzatzearen onurak nabarmendu ditu, eta udal gobernuari eskatu dio etxebizitza planari lehentasunez heltzeko.

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Behatokiaren azkeneko txostenaren berri eman du. Honen arabera, gure udalerria tentsio eremu izendatu du. Izendapen honek, agerian jartzen du herritarrok etxebizitzaren alorrean pairatzen dugun egoera, izan ere, alokairuaren prezioaren azkenengo 5 urtetako igoera handiagatik izan da sartua Deba udalerri tentsionagarrien zerrendan.

Debako EH Bildutik beharrezkoa ikusten dugu: batetik, etxebizitza hutsen errealitateari aurre egingo dioten neurriak hartzea, adibidez, Azpeitiko Udalak hartu dituenak bezalakoak. Bigarrenik, udal jabetzako lursailak eskuragarri jartzea Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko eta alokairu sozialeko etxebizitzak eraiki ditzan. Eta hirugarrenik, erabilera turistikoko etxebizitzak erregulatzeko araudia egitea.

Neurri hauek eta beste hainbeste etxebizitza planean jasotzea ezinbestekotzat jotzen dugu eta horregatik udal gobernuari eskatu nahi diogu egoera honen aurrean neurriak har ditzala, eta denbora pasatzen uzteari utz diezaiola etxebizitza planari lehentasunez helduz.

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean egin beharreko bidea dugu aurretik, baina eremu tentsionatu izendatzeko prozedura gauzatzeak hainbat onura ekarriko lituzke:

  • Alokairuak mugatu ahal izatea.
  • Prezioen gardentasuna eta kontrola.
  • Etxebizitza eskuragarritasuna hobetzeko neurriak.
  • Hirigintza planifikazioan lehentasunak.

Hain zuzen, duela urtebete argitaratu genuen aldizkarian hau genion gai honi dagokionean:

  • Erabaki estrukturalak hartzeko oinarri partekatu sendoa behar da eta horrek bideragarritasun teknikoa behar du aldi berean. Bide horretan Etxebizitza Plana eta Azterketa Sozio-ekonomikoa egitea ezinbesteko urratsak dira HAPO deritzona (Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra) martxan jartzeko. Gaur egun indarrean dugun HAPOa 2007koa da, laster 20 urte izango dira indarrean dagoela, eta duela hogei urteko beharrak eta ikusmoldeak ez dira berdinak inondik inora. Hortaz, gure hirigintza politikan erabaki estrategikoak hartu beharrean gaude datozen urteetan, eta horretarako ezinbestekoak izango dira udalerri osoko ikuspegia eta herritarren partaidetza zuzena.
  • 2024ko aurrekontuetan Etxebizitza Plana eta Azterketa Sozio-ekonomikoarentzat partida bana adostu genituen EAJ-Elkarrekin Orain Debarekin. Udal gobernuaren partetik anbizio gehiago espero genuen gai honetan, hala ere, lehengo pausuak izanik, begi onez ikusten dugu aurreko agintaldian adostutako bi gai zehatz hauei heldu izana. Datozen hilabeteetan planaren eta udalerri osoko azterketaren emaitzak eskuartean izan beharko genituzke, horien inguruan gogoeta egin eta etorkizunerako lerroak marrazten hasteko.
  • Etxebizitza turistikoen gaiak bete betean jotzen gaitu gu ere, eta honen inguruko argazki erreal bat izatea ezinbestekoa da neurri eraginkorrak hartu ahal izateko. Datuek ematen diguten argazkian gora-behera, argi dugu etxebizitza gure udalerrian lan eta bizi direnen eskubidea bermatu behar dugula eta ez gutxi batzuen espekulatzeko interesa. Erabilera turistikoko etxebizitzak arautzeko eta mugatzeko beharrean gaude, izan ere, zailtasun nabarmenak ditugu arrazoizko prezio batean etxebizitzak alokairuan topatzeko, behar dituztenen emantzipazio gaitasuna murriztuz.