2025eko ordenantza fiskalei buruz udal gobernuak egindako proposamenari dagokionez, batetik, ados gaude hondakinen tasa %8,5 igotzearekin. Orain arte Mankomunitateak aurreikusten duen aurrekontu proposamenaren araberako igoera aplikatu izan da eta aurten ere proposamen bera egin da arlo honetan. Beraz, tasa horren igoerarekin ados gaude; nahiz eta, Mankomunitateko arduradunekin izan genuen bileran aipatu genuen bezala, herritarrekin eta Mankomunitateko teknikariekin batera lanketa sakona egiteko beharra dagoen, hondakinen sailkapena behar bezala egin eta errefusa gutxiago sortzeko, horrek eragiten baitu igoerarik nabarmenena.
Gainontzeko zerga eta tasei dagokienez, %5eko igoera orokorra proposatu du udal gobernuak. Proposamen hau gehiegizkoa iruditzen zaigu, eta hala adierazi genien EAJ-ri eta Orain Deba-ri pasa den asteko bileran.
Gainera, %5a zergetan bai, baina zenbait tasetan %20ko, %25eko, %50eko edota %100eko igoerak proposatu dituzte:
- TAOari dagokionez, adibidez, gune batzuetan %25-50ko igoera, bertakoen txartela 5€tik 10€ra (%100eko igoera),...
- Hilerrietako tasak %5a gorantz biribilduta eta kiroldegikoak %5a beherantz biribilduta, Itziarko frontoiko tasetan %80ko igoera (6€tik 10€ra), hondartzako kabinetakoak %25-33 artean, uda kirolekoak %12,5,...
Beraz, udal gobernuak %5eko igoera orokorra proposatzen duela esatea ez zaigu oso gardena eta zintzoa iruditzen herritarrei begira. Bi zifra bakarrik agertzen baitira albiste horretan, %5eko igoera orokorra eta zabor bilketari dagokionez %8,5ekoa. Baina zenbait tasetan igoera proposamena askoz ere handiagoa da.
Pasa den asteko bileran EH Bilduren udal taldeak bi proposamen zehatz egin zizkien udal gobernuko taldeei: batetik, %3,6ko igoera orokorra (KPI-a (%2,6) + %1), eta IBIan etxebizitza hutsei errekargua %75etik %100era igotzea. Modu horretan, diru sarreretan igoera orokorraren bi proposamenen artean (%3,6tik %5era) dagoen diferentzia, 35.000-40.000€ inguru, konpentsatuta geratuko litzateke. Eta egokiagoa iruditzen zaigu etxe hutsak alokairura bultzatu ditzakeen neurri bat ezartzea, herritar guztiei eragingo dien horrelako igoera nabarmena aplikatzea baino.
Gauzak horrela, eta gure proposamenik jaso ez dela ikusita, 2025eko ordenantza fiskalen puntu honetan gure bozka ezezkoa izan da.