Bainu-denboraldiaren atzerapena dela eta udal gobernuaren kudeaketa "kaskarra" salatu du Debako EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba 2024ko eka. 20a, 11:36

Hona hemen herriko koalizio abertzaleak bainu-denboraldiaren atzerapenari buruz 'Berriketan' aldizkarira helarazitako oharra.

Gipuzkoako hondartzen uda-denboraldia ekainaren 15ean hasi zen, hondartzen koordinazio mahaian adostu bezala. Deban ordea, denboraldia hasteko bi egun falta zirenean, Alkateak dekretu bidez eta beste udal taldeei informatu gabe, denboraldiaren hasiera ekainaren 22ra atzeratzea erabaki zuen. Horrela, sorospen eta toldo zerbitzua aurretik adostutakoa baino astebete beranduago jarriko dira martxan.

Pasa den ostegunean, ekainaren 13an, udal webgunean albistea argitaratu zen hondartza denboraldia atzeratzearen arrazoia sorospen zerbitzua esleitzeko prozedurara enpresarik aurkeztu ez izana zela esanez. Erabakia hartu eta hurrengo egunean, Alkateak mezu bat igorri zien udal taldeei toldo eta sorospen zerbitzuetan izandako arazoengatik eta tramite administratiboek eskatzen duten denborengatik uda-denboraldia ekainaren 15ean hastea ezinezkoa izan zitzaiela adieraziz.

Udal arduradun politikoen kudeaketa kaskarra salatu nahi du Debako EH Bilduk. Lehenik, haien betebeharra delako informazioa partekatzea eta gardentasunez aritzea, eta prozedura honetan nabarmena izan da informazio gabezia eta erabakiak informatu aurretik hartu izana. Bigarrenik, kudeaketan izan diren arazoak aurreikusi zitezkeen, izan ere, aurreko lau urteetan edukitako berberak izan dira. Hortaz, arazoa ez dago prozedura administratiboek eskatzen duten denboretan, udal gobernuaren antolaketan eta lanen aurreikuspenean baizik. Are gehiago, Gipuzkoa mailako hondartzen mahai bat egonik, Deba baita lurralde osoan denboraldia berandu hasiko duen udalerri bakarra, epe horretan herritar eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu gabe.

Astebete faltan

Udal gobernuaren kudeaketa kaskarraren adierazle da, besteak beste, sorosleekin baldintzak negoziatzeko bilera batean arduradun politikorik agertu ez izana, zama guztia teknikarien gain utziz, udal ordezkariak Salamancan zezenketetarako zezenak aukeratzen zeuden bitartean. Eta hori uda denboraldia hasteko astebete falta zenean. Toldoen aferan ere, denbora hobeto kudeatu izan balute, toldo kopurua eta hauen zozketa modu egokiagoan egin zitekeela uste du koalizio abertzaleak.

EH Bilduren ustez udal gobernuak seriotasuna eta gardentasuna zor die herritarrei, eta horrelako ekintzek Udalaren jarduna kaltetu besterik ez dute egiten. Hari horri tiraka, asteazkeneko Lurraldetasun Batzordean Alkateak “lana ondo eta txukun” egin dela adierazi du, eta EH Bildu ez dator bat inondik inora.

Horretaz gain, pasa den astean Gipuzkoako kostaldeko herrietako Alkateek egindako adierazpenaren aurrean Debako Udalak bere jarrera adierazi ez izana deitoratu du EH Bilduk. Kontuan izan behar baita aurreko urteetan Debako Udalak hondartzen kudeaketa eta finantzazio integralaren bidean irtenbideak topatzeko izan duen jarrera proaktiboa.