Atzo, apirilak 18, ekitaldi jendetsua izan zen Debako Plaza Zaharrean. EH Bilduk bere komunitatea deitu zuen Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren azken txanpan.
Ekitaldiari bertso musikatu batekin eman zioten hasiera eta ondoren ekitaldiko bi hizlariak aurkeztu zituzten: Batetik, Lore Martinez Axpe aretxabaletarra, azken lau urteetan legebiltzarkide gisa aritu dena Gasteizen, ofizioz Informatika Ingeniaria dena eta Legebiltzarrean eraldaketa digitalaz arduratu dena. Bestetik, Gilen Garcia Boyra debarra, gure herriko alkate izan dena lau urtez eta egun EH Bilduren bozeramailea dena Udalean. Lehena 5.a doa zerrendan, bigarrena berriz, 13.a.
Lore Martinezek hartu zuen hitza lehenik eta EH Bilduren komunitatearen izaera nabarmendu zuen koalizio abertzalearen proposamen nagusiak aipatzearekin batera. Besteak beste, ongizate hitzarmena, trantsizio energetikorako estrategia, hezkuntza eredua, industria politika ekintzailea eta euskal enpresa eredua aipatu zituen eta hauen herri akordio izaera berretsi zuen. Hari horretatik, EH Bilduk gobernantza kolaboratiborako eta herri akordioetarako borondatea duela adierazi zuen, gobernatzen dituen eta ordezkaritza duen erakundeetan erakusten duen bezala. Bestelako gobernatzeko modu bat dagoela eta aldaketarako unea orain dela azpimarratu zuen azken finean.
Programaren alor esanguratsuenak nabarmendu ostean, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egin beharraz mintzatu zen Lore Martinez. “Euskaraz bizi nahi dugu, bizitzaren arlo guztietan erabili nahi dugu gure hizkuntza, eta politika publikoak baliatuko ditugu bermatzeko”, adierazi zuen. Pello Otxandiano “herritarrek egingo dute lehendakari, herriak egingo du lehendakari”, esanez amaitu zuen bere hitzartzea.
Ildo bertsutik jarraitu zion Gilen Garcia Debako EH Bilduren hautagaiak. Gainera, bere herrian eta “zorionez etxekoen artean, une goxo zein zailetan babesa eman didazuenen artean” egotea eskertu zuen. Ezkerreko independentismoaren proiektu politikoaren hiru elementu nagusiren inguruan aritu zen Garcia: pertsonak, proiektua eta egiteko modua.
Pertsonei dagokionez, azken egunotan ekitaldi ezberdinetan EH Bilduren ordezkari politiko eta zerrendakide ezberdinen ekarpenak eta adierazpenak ekarri zituen gogora, haien balio pertsonala, politikoa eta programatikoa uztartuz. Lore Martinezek azken lau urteotan legebiltzarrean egindako lana nabarmendu zuen, besteak beste: “Ikusten duzuen bezala, Lorek ez du aspertzeko tarte handirik izan. Bera ere gure ordezkari izango da Legebiltzarrean. Eta digitalizazioa herri erronka garrantzitsua izanik, programa osotua eta sendoa aurkeztu dugu.
Diagnostiko osoenak egiten inbertitutako denboran jarri zuen indarra debarrak eta “diagnostiko egokiak praxi egokia izateko ezinbesteko tresna direlako” esanez arrazoitu zuen. Bestalde, zintzotasunaren bidea eta eztabaidaren maila igoz EH Bilduren diagnostikoak jendartearen gehiengora iritsi direla gehitu zuen.
Ekitaldiaren amaieran EH Bildu Gipuzkoako, Debabarrenako eta udalerriko lehen indar politikoa dela azpimarratu zuen Garciak. Eta horrela adierazi zuen: “Orain dela 5 urte aldaketa iritsi zen Debara. Herritarrek haize berriak eta egiteko beste modu batzuk nahi zenituzten udaletxean; kooperazioaren aldeko hautua egin genuen. Benetan uste dugu urte hauetan zehar herriak hobera egin duela, eta kaleetan horrela sumatzen dugu”. Horrez gain, beldurraren mezuetatik haratago aldaketa inoiz baino gertuago dagoenaren kontzientzia izateko deia egin zuen. Igandera arteko lana “lagun, familia, lankide eta inguru guztia konbentzitu, motibatu eta irabaztea” dela esanez itxi zuen bere hitzartzea.